Bidaia ederra euskal literatura zaharraren unibertsora

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko mar. 16a, 11:32

Bernardo Atxagak Martuteneko kartzelan egindako hitzaldi bat irudikatzen du Martuteneko kartzelan izeneko errezitaldi antzeztuan. Atzo, Bergarako Seminarixoan egin zuten saioa.

Asteasuarrak Jose Kruz Gurrutxagarekin batera biziberritzen du 2005eko azaroaren 1ean euskal literatura zaharrari buruz Martuteneko presoei emandako hitzaldi hura, eta biak Seminarixoko agertokian egin ziren, atzo.

Atxagak 30 bat presori egindako hitzaldi haren berezitasunak aipatzen ditu errezitaldian, eta deskribatzen ditu atmosfera arrotza, aretoaren biluztasuna, entzuleriaren interes falta… Ikuskizunari umore puntua emanez Gurrutxagak Atxagak aipaturiko pertsonaia nagusiak antzezten ditu, eta atrezzo material handiegirik gabe, gainera. Aurkezten dizkigu, esaterako, presondegiko zuzendaria, Mario beltza presoa, Lorenzo abokatu iruzurgilea edo Andoni eta bere bikotea.

"Apaiz asko eta gai gutxi", botatzen du bat batean Lorenzok bere aulkitik, "Euskara eta erlijioa, besterik ez". Eta hizlaria saiatzen da entzuleria euskal literaturara erakartzen. Presondegiko entzuleria eta bide batez aretoan entzule dituen horiek guztiak ere bai.

Atxagak aipatzen ditu Bernart Etxepare, Lazarraga, Steve Materre, Joanes Etxeberri, Axular, Oihenart, Carmen Baroja, Vicenta Moguel, Orixe... Eta Gurrutxagaren laguntzarekin kontatzen ditu ipuinak eta abesten ditu kantuak.

Esaterako, Orixeren Baso mutil bat hilerri batean sartu zenekoa, Vicenta Moguelen Lehoia, behia, ahuntza eta ardia, Juan Bautista Agirreren Midas erregearen belarriak, Axularren emigrantearen pasartea... Ez ditu inprobisatzailea ahazten, eta erreferentzia egiten die baita ere Kaskazuriri, Pello Errotari edo Txirritari.

Ikuskizunerako aukeratutako kantuen eta bertsoen artean daude Pedro Mari Otañok onbu arbolari egindako kantua edo Orixek 20. mende hasieran amate zuhaitzari idatzitako Amateari.

Martuteneko presondegiko hitzaldiaren aitzakian ikusleak ere ibilbide ederra egiten du euskal literatura zaharraren unibertsora.

Ikuskizunaren amaieran eta tokian tokiko zerbait eskaintzeko ohiturari jarraiki Juan Martin Elexpururen Bergara aldeko hiztegia aipatu zuen Atxagak joko polita eginez hodiak, ode-kanpai, ode-tontor eta ode familiako hainbat hitzekin.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak