Zigor Iturrieta: "Cola Cao ona egin daiteke etxean azukre erdiarekin"

Eneko Azkarate Laspiur 2019ko mar. 18a, 06:00

Zigor Iturrieta sukaldariarekin –'Txoriene' saioko aurkezlea– ikastaroa antolatu du Bergarako Miguel Altuna Institutuko Bizikasi zerbitzuak, Udalaren laguntzarekin, martxoaren 28rako, 17:00etarako, San Joxepe elkartean.

6 eta 16 urte artekoendako. Plaza mugatuak dira eta izena eman behar da aldez aurretik. info@bizikasi.com helbidera mezua bidalita edota 943 76 93 94 telefonora deituta. 5 euro ordaindu behar da ikastaroa.

Korrikalaria, sukaldaria... nola heldu zinen telebistara?

Sukaldari batekin mendian korrika ari nintzela jakin nuen kastina zegoela ETBn, Txoriene aurkezteko. Lagun honek harremanetan jarri ninduen ETBkoekin, kastina egin nuen, eta aukeratu egin ninduten. Ordutik lau urte daroatzat. 45 urte ditut eta lasai hiltzeko moduan nago: lau seme alaba ditut, liburua argitaratu dut, zuhaitza landatu…

Euskaldunok osasuntsu gosaltzen eta meriendatzen dugu?

Esango nuke inork ez duela horren osasuntsu gosaldu edo meriendatzen. Nahiz eta azkenaldian geroago eta informazio eta kezka handiagoa dagoen ondo elikatzeko. Cola Cao eta gailetatik, eta kafetik aterata, jendea hasi da ogi txigortua, zerealak eta beste gosaltzen. Baina, orokorrean, uste dut jendeak ez diola behar den besteko garrantzia ematen, bereziki, gosariari.

Denbora ere bada garrantzitsua.

Bai. Nire kasuan, gosaria da otordurik gustukoena. Gosez esnatzen naiz eta berdin dit ordubete lehenago iratzartzea ganoraz armosatzeko bada. Zukua egin, ogia txigortu, kafea egin, lasai eseri…

Zer egin genezake etxean ondo gosaltzeko?

Irabiaki bat esne normal batekin edo edari begetal batekin, zereal eta datil batzuk gehituta, esaterako. Zoragarri geratzen da eta umeek ere gustura hartzen dute. Bi minutuan eginda dago eta goiz osorako pilak kargatuta doaz eskolara.

Elikagai kontuen gaineko informazioa nonahi badugu. Gero, ez dugu aintzat hartzen?

Gaur egun interneten topatuko duzu mila webgune ganoraz elikatzeko informazioa ematen dizutena eta jendeak badaki zein den ogi on bat, oliba olio ona zein ona den… Kontua da gero praktikan jartzea eta denetik eta modu askotarikoan jatea. Angulak egunero jatea ere aspergarria izango litzateke…

Zure seme alabei zer jartzen diezu gosaltzeko?

Gaur, arrautza nahasia; bihar, sardina patea egingo diet; etzi, jogurta zerealekin… Aldatzen joatea da kontua. Umeek gozatu egiten dute.

Ze gosari da osasuntsuagoa: gozoa ala gazia?

Biak. Neurria da kontua. Eta aldatzea ere ona da. Batean, York urdaiazpikoa; hurrengoan, eztia Burgoseko gaztarekin; edo esne zopak… Azukre asko jaten dugu egunean zehar eta hori zaintzea ona da. Esaterako, Cola Cao bat egin genezake etxean, bestea baino hobea eta azukre erdiarekin. Principe gailetak ere egin genitzake etxean.

Zelako ikastaroa izango da?

Eroango ditut gosari eta merienda batzuk, probatuko ditugu denon artean, eta, ostean, horiek zela egin erakutsiko diet. Nutella bat edo Cola Cao bat etxean zela egin… Praktikoa izango da. Eta, errezetak emango dizkiet bertaratuei.

Zein da gosari edo merienda egokiena?

Norbereren gustukoena. Nik denetik jaten dut, aldatzen joaten naiz. Esnekiak, hidratoak, proteinak… dituztenak. Osoak eta askotarikoak.

Eta zer da saihestu beharrekoa?

Gauza prozesatu guztiak: gozogintza industriala, Cola Cao-a…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak