1980ko hamarkadako popa eta lagunarteko gorabeherak

Eneko Azkarate Laspiur 2019ko mar. 2a, 01:30

1980ko hamarkadara eroan gaitu Bergarako Aratusteetako kontzertuak, sormen handiko eta arrisku eta ziurgabetasunezko garaiak gogora ekarriz.

Hasieratik bukaerara, emanaldi gozagarria eskaini dute Bergarako Musika Bandak eta Orkestra Sinfonikoak, goi mailako bakarlariekin, eta koru zein dantzekin, lagunduta. Kontakizuna, musikaz zein antzerkiz.

Juven eta zaharren etxea

Juven Rapsody izenaz, Fredy Mercury-ri eta Queen taldeari –azkenaldian boladan direlarik film saritua dela-eta– keinu eginez eta herriko lehen gaztetxea, Juven, omenduz. Izan ere, hain justu, 1980eko hamarkadan pasatu zen herriko gazteen topagunea, Juven izatetik Gaztetxea izatera.

Zaharren egoitza eta gaztetxea irudikatuz, batetik besterako flashbackez, sasoiko hit-ak entzungai, bata bestearen atzetik. Musika Banda, bakarka, hasieran, funk dantzagarriekin, eta Orkestrarekin, gero, bereziki, Queen, Mecano zein Alaska y Dinaramaren ezagunenekin; baita, zela ez, 1980ko euskal poparen –eta gehiagoren–  ikono den Itoizen Lau teilatu ere. Maria Izaga eta Aitor Garitano nabarmendu dira, beste behin, horietan –Itoizenean, Asier Elortza–.

1980: Queen, Mecano, Alaska, Itoiz…

1980ko herriko gazteen gorabeherak: drogak, amodioa, adiskidetasuna… Eta garai hartan gazteak ziren gaur egungo edo geroko zaharrenak, kontu kontari.

Diotenez, Juan Carlos Perezek Bergaran –jaietan– inspiratuta, betirako idatzi zuen kanta ederrarekin batera, Alaskaren –Izaga, ahotsean– Ni tu ni nadie eta Queen-en –Izaga eta Garitano– Bohemian rhapsody izan dira txalotuenak. Baina haiekin batera, beste honako bi hauek ere bai: Fredy Mercuryk eta Montserrat Caballetek abestu zuten Barcelona eta Massielek Eurovision –emanaldiko une komiko eta gorenetakoa, Leire Ibarzabal handiarekin– irabazi zueneko La, la, la, baina oraingoan katalanez, Joan Manuel Serratek horrela sortu zuelako eta Kataluniako Errepublika Independentea irudikatu dutelako gaurkoan.

Errepaso nostalgikoan, faltan sumatu dugu Euskal Rock Erradikalekoren bat, Bandarekin eta Orkestrarekin jotzeko zailagoa, egia. Dena den, agertokiaren diseinu soilean zein aktoreen solasaldietan keinu egin zaie garaiko taldeei: Kortatu, Barricada, Rip... Gainera, oso txalotua izan da Frank Sinatraren –eta Sid Viciusek Sex Pistols-ekin famatu egin zuen– My way, Aitor Garitanoren ahotsean.

Azken Aratusteetako kontzertua?

Alfredo Gonzalez Chirlaqueren azken Aratusteetako kontzertua izan da. Ikusi behar bandarendako zein orkestrarendako ere azkena izan den. Segida izan dezala datorren urtean. Hori nahi du-eta Udal Pilotalekua, beste behin, betez gozatua hartu duen ikus-entzuleriak.

Emanaldiko sarrerak di-da baten agortu dira aurten ere. Baina Goiena.eus-ek zuzenean eman du kontzertua. Eta martitzenean (23:00) eta eguaztenean (15:15) Goiena telebistan ikusteko aukera izango da.

Erlazionatuak

Aratusteetako kontzertua: 'La, la, la'

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019 mar 02 Bergara

2019ko Bergarako Aratusteetako kontzertua argazkitan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019 mar 02 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak