Elhuyar anaien omenez hitzaldia eskainiko dute UNEDen

Itziar Larrañaga Sarasola 2019ko ots. 28a, 12:22

UNEDen 'Elhuyar anaiak, adiskideen elkartea eta wolframaren isolamendua' hitzaldia eskainiko dute martxoaren 1ean, barikua. Hizlaria EHUko Kimika Ez-organikoko katedradun eta irakasle emeritu den Pascual Román Polo izango da, irakasleak wolframaren aurkikuntza bideratu zuten zirkunstantziei buruz hitz egingo du.

Nazio Batuek Elementu Kimikoen Taula Periodikoaren Nazioarteko Urtea izendatu dute 2019a. UNEDetik azaldu dutenez, horren bidez, kimikak garapen jasangarrian betetzen duen funtsezko zereginaren inguruko kontzientzia globala garatzeko premia aitortu nahi izan du NBEk: "Kimikak soluzio garrantzitsuak eskaintzen dizkie hainbat erronka globali, hala nola elikaduraren, osasunaren edo hezkuntzaren inguruko erronkei".

Horren harira, martxoaren 1ean, ostirala, Elhuyar anaiak, Adiskideen Elkartea eta wolframaren isolamendua hitzaldia emango da UNED Bergarako egoitzan emango du, Areto Nagusian, 18:00etan. Sarrera doan izango da, eta bertaratzen direnek galderak egiteko eta eztabaidan parte hartzeko aukera izango dute.

Hitzaldiaren bidez, bi anaien bizitza pertsonal eta zientifikoari, haien inguruneari, aurkikuntza bideratu zuten zirkunstantziei eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak bete zuen funtsezko zereginari buruzko xehetasunak ezagutzeko aukera izango dute gerturatzen diren guziek. Espioitza-ekintza, eta oihartzuna mundu osoan izan zuen aurkikuntza Román Polo katedraduna aditu eta dibulgatzaile zientifikoa da, eta platinoa, wolframa eta banadioa aurkitu zituzten espainiar zientzialariei buruzko sarrera txiki bat egingo du hitzaldiaren hasieran, wolframaren isolamenduaren kasuan sakonduta.

Ondoren, Juan Jose eta Fausto Elhuyarren bizitza eta obrari eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak anaiengan eta wolframaren isolamenduan izan zuen eraginari buruz hitz egingo du. Mugarri zientifiko-teknologiko hori 1783an gertatu zen, Adiskideen Elkarteak Bergarako hiribilduan zuen “Laboratorium Chemicum” izenekoan, gaur egun UNED-Bergararen egoitza den Bergarako Errege Mintegian.

UNEDetik azaldu dutenez, "ikerketa zientifikoko proiektu horren atzean, nolanahi ere, espioitza-ekintza bat zegoen. Ekintza horren helburua ingelesek Eskoziako Carron herrian Armadarako zituzten artilleria-kanoiak fabrikatzeko metodoa aurkitzea zen, eta, zeharka, wolframa isolatzea lortu zen. Metal hori isolatzea oso zaila zen garai hartako baliabideekin. Aurkikuntza horrek mundu osoan izan zuen oihartzuna, eta funtsezkoa da gizarte modernoak aztertzeko garaian".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak