Hauteskundeak jomugan: A28

Amaia Zabala 2019ko ots. 23a, 09:00

Pedro Sanchezen legealdiaz eta datozen hauteskundeetarako aurreikuspenez mintzatu dira Madriden eskarmentua duten bi bergarar: Isabel Salud –Unidos Podemosko diputatua kongresuan– eta Victoriano Gallastegi –EaJren ordezkaria Senatuan–.

Isabel Salud kataluniarra Bergaran bizi da aspalditik eta, Ezker Anitza-IUko koordinatzaile nagusia izateaz gain, Unidos Podemosko diputatua ere bada Espainiako Kongresuan. Saluden esanetan, "ez da erabaki ona izan" hauteskundeak deitzea: "PSOEk aurrekontuetarako gehiengoa ez zuela eta inkestek emaitza onak ematen dizkiotela ikusita, hauteskundeak aurreratu ditu; ez dute hilabete batzuk pasa arte itxaron nahi izan, aukera hau galtzeko beldurrez. Unidos Podemosek egindako proposamen asko gelditu dira, ordea, mahai gainean aprobatzeke; pentsioen igoera eta errenta altuen zergaren igoera, esaterako. Bestalde, Euskadirako ere inbertsio interesgarriak zeuden aurreikusita".

Victoriano Gallastegik 24 urte egin zituen Bergarako Udalean, eta horietatik hamasei, alkate. Egun, EAJk Gipuzkoarako lortu zituen hiru senatarietako bat da eta Madrilen dihardu lanean. Gallastegiren esanetan, Sanchezek "ez zeukan" beste irtenbide "onik" eta "behartua" ikusi du bere burua: "Hauteskundeak deitu dituzte ikusten zutelako aurrekontuak ezin zirela onartuak izan eta 85 eserlekurekin Gobernu bat aurrera eramatea oso zaila dela". Sanchezen legealdiaren balorazioaz galdetuta, berriz, hauxe erantzun du: "Gaiak aztertu, exijitu eta lortu, horixe egin dugu. Eta lan honi esker, bai aurreko legealdian eta bai oraingoan, gauza asko lortu ditugu: kontzertu ekonomikoaren kupoaren berritzea, erretiratuen pentsioaren balioa handitzea, energia mailako bentaja izugarriak, eta abar. Rajoyrekin aurrekontua onartu genuenean ere esleipen garrantzitsuak lortu genituen Euskadira begira".

Apirilaren 28ko hauteskundeak

Unidos Podemosko diputatuak espero du "indar progresistek elkartuta Estatua gobernatu ahal izatea"; horrek "Estatu sozialagoa" izatea eta autonomia erkidegoekin harremanak "fluidoagoak" izatea ahalbidetuko duela dio: "Krisiaren ondoriozko errekorteekin galdu genuen guztia berreskuratzen ari ginen pixkanaka, motel, baina bide onean gindoazen. Alderdi Popularrak irabazten badu eta Ciudadanosekin eta Voxekin bat egiten badu, lorpen horiek guztiak bertan behera geldituko dira". Diputatuak gaineratu du Gobernuaren eta autonomia erkidegoen arteko harremanak ere "hobetzen" ari zirela Gobernu honekin: "Euskadin, esaterako, behingoz, presoen transferentzien prozesua hasi zuten eta Katalunian ere elkarrizketa prozesua hasia zuten. Eskuinarekin, komunitateekiko erlazio hauek askoz krispatuagoak izango dira, gorrotoa eta krispazioa sortzea baita eskuin muturrak sustatzen duena".

Gallastegik, berriz, hauteskundeei begira animatuta daudela jakinarazi du, eta Madrilen ordezkaritza izatearen garrantzia azpimarratu: "Gutxi gara, baina asko egiten da, eta zenbat eta gehiago izan, hobeto; gizartea horretaz jabetzea eta kontzientziatzea oso garrantzitsua da".

Podemos eta IU elkarrekin

Saludek argi utzi du aliantza mantentzea eta elkarrekin aurkeztea dela beraien asmoa, bai Estatu mailan eta baita Euskadi mailan ere, eta horretarako lanak "oso aurreratuak" dituztela dagoeneko: "Oso sintonia ona daukagu eta ondo ari gara elkarrekin lanean; horrela jarraitzea da helburua". EAJren eraginkortasuna Jeltzaleek eserleku gutxi izan arren, erabakigarriak izaten dira askotan; ondorioz, marko politikoa zeharo aldatuz gero EAJren posizioa zein izango litzatekeen galdetuta, Gallastegik dio lehendabizi Gobernu berria nola geratzen den eta alderdi bakoitzak zenbat eserleku dituen ikusi beharko dutela, ondoren pausoak emateko.

Eskuin muturraren indartzea

Biak agertu dira "oso kezkaturik" eskuinaren indartzearekin. "Katalunian zer geratzen ari den ikusi besterik ez dago, nazionalismoaren eta independentismoaren kontra daude, eta denak batu dira, oso arriskutsua da nola datorren, baina, horretarako, demokratikoak garenok eta gure herriaren alde lanean ari garenok bat egin, indartu eta hauek Gobernuan ez sartzea lortu behar dugu", dio Gallastegik.

Saludek dio eskuina herritarren krisi egoeraz eta beldurrez baliatzen ari dela, diskurtso "sinple eta erradikal" bat egin, "gorrotoa sortu" eta, horrela, "botoak bereganatzeko".

"Tentsio handia" Senatuan

Victoriano Gallastegik dio "oso esperientzia positiboa" ari dela izaten senataria izatearena, "parlamentarismoa zer den" ulertu duelako, eta gaineratzen du Udaleko lanarekin "oso ohitua" zegoela, baina Senatuko lana "oso ezberdina" dela: "Hemen tentsio handia dago eta, askotan, herri mailako ardurak hartu eta lan egin beharrean horiek defendatzeko, alderdien arteko kexak politikarien artean aurpegira leporatzean egiten dute lan, horrek gehiago arduratzen ditu. Eta gu ez gaude Senatuan horretarako. Gu hemen, gure gizarteari, interes orokorrari eta gure hautetsiei merezi duten erantzuna emateko gaude, eta horretarako egin behar dugu lan. Hori izan da hemiziklo honen barruan kezka handien sortu didana".

Diputatuen Kongresu "elitista"

Isabel Saludek dio Kongresuan "asko" ikasten dela eta kuriositate moduan aipatzen du hasiera batean "oso deigarria"egin zitzaiola Kongresuko "elitismoa", eta hori PPko eta PSOEko diputatuen janzkeran eta formazioen kasuan nabari zela, bereziki: "Kongresua eliteko instituzio bihurtu dute, soilik ondoen jantziak eta ondoen formatuenak joan zitezkeena, herritarrengandik urrun, eta hori apurtu behar da. Gu, Unidos Podemoskoak, bat-batean 70 lagun kongresuan sartu ginenean, Kongresuaren itxura bisualki aldatu egin zen, beharrezkoa zen. Izan ere, gu jende arrunta gara, formatuak, noski, baina ez goaz hori harropuzkeriaz zabaltzen. Kongresuak herritarren gehiengoa ordezkatu behar du, eta ez elite bat".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak