Xabier Payros: "Paisaia aldetik izugarria da, ez sinestekoa"

Julen Iriondo 2019ko ots. 25a, 10:12
Lofotengo tontor batera bidean, paisaia ikusgarriarekin.

Bergararrak eta Ainhoa Lendinez elgoibartarrak Norvegiako Lofoten artxipelagoan izandako mendi eski abentura kontatuko dute Pol-Polen Mendi Astean, eguenean. Datu praktikoak ere emango dituzte, inork errepikatu nahi izanez gero ere

Mendizale taldeak San Pedro kalean duen lokalean eta 19:00etan izango da aurkezpena, Mendi Astearen barruan astelehena eta barikua artean egingo diren gainerakoak bezala.

Elgoibar, Arrasate eta Bergarako sei laguneko taldeak egin zuen, iazko Aste Santuan, Payrosek eta Lendinezek eguenean aurkeztuko duten bidaia. Norvegiako Lofoten artxipelagoko hainbat mendi igo zituzten mendi eskiekin, itsasertzean dauden mendiak, tontorra garaiera handian ez dutenak, berez.

Aurkezpenaren lehen zatia power point batek lagunduta egingo dute, Xabier Payros bergararrak dioenez: "Egon ginen lekua nolakoa den kontatuko dugu, bai paisaia aldetik, bai herriak nolakoak diren, ze tenperatura izan genuen, ze klima dagoen... Baita nola joan ginen, zer eraman genuen lotuta hemendik, eta zer joan ginen bertan lotzen, janari aldetik... ze Norvegiako prezioak garestiak ez, hori baino gehiago ere badira, ordainezinak".

Ez dira mendi garaiak, baina itsaso ertzetik hasten dira igoerak

Horrez gain, sentsazioei buruz ere jardungo dute: "Sentitu genuenaz ere jardungo dugu, ze mendian eskiatzen ari zara, baina itsasotik bertatik, fiordoen artean zabiltza eta. Itsasoaren mailan hasi, mendira igo, jaitsi, oso desberdina da Pirinioekinedo alderatuz, adibidez".

Hogei bat minutuko tartea egingo dute kontu hauekin, argazki batzuez ere lagunduta. Eta ondoren ikus-entzunezko txiki bat emango dute: "Gure kamerekin grabatu genituen irudi batzuk eta atera genituen argazkiak, eta neuk egin nuen muntaia bat geuretzako, lagunontzako, geuk edukitzeko, eta huraxe emango dugu; beste hogei minutu inguru dira". Eta, noski, saiora doazenen galderak erantzuteko ere pronto egongo dira bergararra eta elgoibartarra.

Oroitzapenak, urte bat geroago

Iazko Aste Santuan egindako bidaiatik gogoan ondoen zer gordetzen duen galdetuta, Payrosek dio paisaiak direla gehien harritu zutena: "Mendiak ez ziren altuak; 700-800 metroko mendiak ziren, baten bat pasatzen zen 1.000 metrotik, baina baxuak dira, berez. Baina hondartzak zuri egotea, eta itsaso kontran eskiatzen hasi eta mendi batera igota, mendiaren beste aldean ere itsasoa ikustea... paisaia aldetik izugarria da, ez sinestekoa. Udan itzultzeko ere ederra izango da leku hau, horixe pentsatu genuen".

Mendiko eskia egiteko izandako elur ona ere ez du ahaztu: "Elur hautsa egunero, eta eguraldia ere oso ona izan genuen orokorrean, nahiz eta une batean sartzen zen lainoa eta botatzen zuen ordubeteko elur zaparrada, baina berriz urdintzen zuen. Eta esaten genuen: 'Txarra eginagatik, mendira'. Eta elurra bai, oso ona, zorte handia izan genuen, elur hautsa belaunetatik gora egunero".

Lofotengoaren kasuan, taldeko kideetako baten gurasoen proposamenak –udan han inguruan ibili eta informazioa jasota– eraman zituen bertara. Mendi eski zaleak diren 30-40 laguneko taldea dira, eta horietako sei animatu ziren: "Proposamenak botatzen ditugu, asteburuetarako, egun pasetarako... Duela urte pare bat Japonian egon ziren batzuk eskiatzen, Argentinan egonda daude beste batzuk, Kanadan ere bai; aurten, Aste Santuan, Alaskara noa ni beste batekin... Gustuko dugu eskiak hartu eta halako lekuetan arakatzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak