Xabi Bandini: "Kantu lasaiak eta xumeak atera zaizkit 'Bidebakar' diskoan; gorputzak eskatu dizkidanak"

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko ots. 21a, 13:57
Xabier Bandini. (Argazkia: Carles Garcia)

Musikari nafarrak Madrilen sortu du Begibakar diskoa. Bakarkako lehenengo lana du, eta pozik da izan duen harrerarekin. Bergarako Seminarixoan aurkeztuko du, bihar, 22:00etan. Sarrera da 8 euro.

Kerobia taldeko kide ohia gustura azaldu da hasi berria duen bakarkako ibilbidearekin. Udazkenean argitaratu zuen Begiba-kar, eta interesa piztu du.

Bakarlari lanetan lehenengo aldiz. Erraza izan da pausoa ematea?

Urte eta erdi da Madrilgo Lavapies auzora jaitsi nintzela bizi izatera, eta hor sortu da nire kabuz egin eta grabatu dudan lehenengo diskoa: Begibakar. Poliki-poliki joan da garatzen, eta gorpuzten joan den heinean jendea joan da proiektura batzen. Kerobiako kide ohi Alberto Isaba, esaterako, berehala gehitu zen egitasmora, eta laguntzaile gehiago ere izan ditut ibilbide honetan.

Formatu akustikoagoan egindako proposamena da, ezta?

Kantuak prestatzen hasi ginenean ezezaguna genuen modelo berri batera iritsi ginen Alberto eta biok: musika elektroniko-akustikora, hain zuzen ere.

Bergarako kontzertuak, orduan, zein estilo izango du?

Eskainiko ditugu Xabi Bandiniren Begibakar diskoko kantuak, baina baita ere Kerobiako kantu epikoenak estilo elektroniko akustikoan. Sintetizadoreekin zein bateria elektronikoekin, eta ahotsarekin, noski. Alberto Isaba, Jon Etxabarria eta ni neu izango dira taula gainean. Izango da lekua samurtasunerako, baina baita ere energiarendako eta dantzarako. Ikusi beharko dugu nola uztartzen dugun espazioa.

Irudiak ere proiektatuko dituzue emanaldian, ezta?

Bai. Proiekzio lan oso polita egin dute Iñigo Chalezquerrek eta bere lantaldeak, eta irudi horiek ematen ditugu zuzenekoetan. Azkenean, gauza xume bat moduan jaio zena gauza handi eta konplexu egiten ari zait. Eta dena nahigabe ateratzen ari da, gainera.

Zer moduz urte eta erdi Madrilen?

Bizitzak horrelako bihurguneak ditu, eta ez dago batere gaizki horrela izatea, gainera. Madrilen jende asko dago, baina bakarrik eta nire kasa nago. Horrek lagundu du, nolabait, sorkuntzarako. Baina Renferen bezero oso on bilakatu naiz; izan ere, entseguak edo kontzertuak direla aste bukaera ia guztietan igotzen naiz Iruñera. [Barre]

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak