Olatz Zugastiren kantu zahar eta berriak Seminarixoan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko ots. 7a, 17:44
Olatz Zugasti musikaria. Argazkia: Juan Tatori.

'Ur goiena, ur barrena...' birako kontzertua eskainiko du Beasaingo musikariak etzi, zapatua, Bergaran, 19:00etan; alboan hiru musikari lagun dituela, bere ibilbidearen errepasoa egingo du, diskotik diskora salto eginda eta askotariko estilokoak batuta.

8 urterekin hasi zen kantuan eta gitarra jotzen, eta 15 urte zituela harparen doinuarekin liluratu zen; harrezkero, hori da, bereziki, Olatz Zugastiren (Hernani, 1965) musika tresna kuttuna.

Eskarmentua du musikagintzan, oso gaztetatik ari da Benito Lertxundiren taldean, eta, paraleloan, bere kantuak sortu eta bost disko argitaratu ditu: Kantu baten bila nabil (1991); Bulun Bulunka (1999); Elearen lainoa (2002); Gau hotzenean ere (2010), eta Ur goiena, ur barrena (2015). Kantu horiek, baina, gutxitan abestu ditu zuzenean, ez du kontzertu askorik eskaini, baina, garai baten zituen "beldurrak gaindituta", gogotsu ari da orain, taularen gainean.

Etzi, zapatua, Bergarako Seminarixoan izango da, 19:00etan. Sarrerak zortzi eurotan eros daitezke, leihatilan edo Ticket.kutxabank.es atarian.

Laukote formatuan

Ezaugarri duen harpaz gainera, gitarra ere eskuetan duela abestuko du Zugastik, eta alboan izango du alaba Gratxina Lertxundi teklatuarekin eta flautarekin, hastapenetatik bidelagun izan duen Ander Ederra, Julen Barandiaran baxu-jolea eta Uriol Flores baterian. "Ur goiena, ur barrena… lana abiapuntu hartuta hasiko dugu emanaldia, baina aurreko lanetako abestiei ere tokia egingo diegu. Kantuak sortu eta diskoetan bildu nituen, baina apenas kantatu izan ditut publikoaren aurrean; hortaz, kantu zahar horiei moldaketa berri batzuk egin dizkiet, nire kantatzeko modua aldatu egin delako urteak pasatu ahala. Gustura nago kantu horiek birjaiotzen ari direla ikusita", azaldu du Zugastik.

Oinarri zelta dute kantuek, harpak ukitu hori ematen diela dio Zugastik. Hitzei begiratuta, berriz, askotarikoak dira: euskal kantu tradizionalak berreskuratu izan ditu, esaterako, eta gaur egungo gizartearen ikuspegi pertsonala erakusten du sortu dituen azkenekoetan. "Zuzenekoetan aldatu egiten dira kantuak, halaxe dio publikoak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak