Eskultura gainontzeko diziplinekin erlazioan jartzeko tailerra egingo dute

Arantzazu Ezkibel Galdos 2019ko ots. 8a, 08:00

Beartek antolatuta, Sorkuntza artistikoa ikastaroa egiten dabiltza ikasturtean zehar; hala, ikastaro horren baitan, Eskultura eremu hedatuan atala hasi behar dute datorren barikuan, hilaren 15ean. Amaia Santamaria izango da irakaslea, eta eskultura gainontzeko diziplinekin erlazioan jarri nahi dutela dio.

Bi hilabete eta erdi iraungo du eta egubakoitzetan izango da, 17:30etik 20:30era bitartean

Amaia Santamaria artistak eskainiko du 'Eskultura eremu hedatuan' ikastaroa. Bi hilabete eta erdi iraungo du eta egubakoitzetan izango da, 17:30etik 20:30era bitartean. Helburua eskultura gainontzeko diziplinekin erlazioan jartzea izango dela dio: "Eskultura beste diziplinekin erlazionatuko dugu, ez dugu isolatuta ikasiko". Hainbat teknika landuko dituztela dio, "ikasleek aukera guztiak ikus" ditzaten eta "gustuko dutenarekin disfrutatzeko aukera" izan dezaten.

Nori zuzendutako tailerra

Sorkuntza artistikoa tailerrarekin hasi zirenean, pintura arloa landu zuten lehenengo: "Zortzi laguneko taldea dugu, eta denetarik dago: erretiratuak, eta baita 17 urtekoak ere", dio, eta gaineratu du ez dela aurretiko esperientziarik behar: "Denetik dago: interesa dutenak, baina aurretik inon ibili ez direnak; eta baita esperientzia handia dutenak, baina pintura klasikoan bakarrik”. Eskulturari buruzko tailer hori helduei zuzendutakoa izango da eta edonork parte har dezake. Interesa duenak beartelkartea@gmail.com helbidera mezua idatz dezake, edo Santamariari deitu, 690 25 14 50 telefono zenbakira. Tailer horrek bi hilabete eta erdi iraungo du eta ondoren beste diziplina batzuekin hasiko dira: "Argazkigintza eta bideo-sorkuntza tailerrak egingo ditugu ondoren, denak erlazioan jartzeko", azaldu du Santamariak.

Egingo dituzten saioak

Santamariak ariketa bat planteatuko du, eta ikasleen sorkuntza prozesua aktibatzen saiatuko da

Santamariak dio "zaila" izaten dela eskultura bat hutsetik hastea. Horregatik, ariketa bat planteatuko du, eta ikasleen sorkuntza prozesua aktibatzen saiatuko dela: "Libre utziko diet, sorkuntza prozesu horretan koka daitezen". Izan ere, Santamariaren esanetan: "Askotan, emaitzara aurreratu egiten gara”. Irakasleak nahi duena da: "Ikasleak prozesu horretan koka daitezela, eta ez daitezela aurreratu emaitzari. Zabalik egon behar dute ezusteko emaitzei".

Etxetik zerbait eroateko eskatuko die: "Paper ezberdinak, oihal zatiak, kateak... ikusiko dugu zer sor dezakegun horrekin". Horrez gain, collageak egingo dituzte; alginato materialarekin gorputzeko moldeak egingo dituzte; argizariarekin, materialei forma eman eta gogortu egingo dituzte... Eskultura bere osotasunean ezagutzeko aukera izango dute, eta gainontzeko diziplinekin erlazionatu.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak