Bolua: garai bateko hedapen beharra eremu desegoki baten eraikitzearen zama

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko ots. 4a, 15:44
Bolurako sarrera, Koldo Eleizalde kaletik ikusita. Estalki berria duen frontoia otsail erdialderako egongo da erabilgarri.

1970eko hamarkadan eraikitzen hasia, herriko auzorik populatuena denak hamaika buruhauste eragin ditu historikoki; laster estalkidun frontoia irekiko dutela aprobetxatu du GOIENAk proiektu horretaz, garai batekoez eta etorkizunekoez berba egiteko.

Bergarako auzorik populatuena da Bolua. Bergaran bizi diren ia 15.000 biztanleetatik, eta azken errolda datuetan oinarrituta, Bolua, Koldo Eleizalde, Aranerreka eta Iriburu kaleetan 1.481 herritar bizi dira. Herriko beste auzo populatu batzuekin alderatuta: Matxiategin, poligonoa moduan ezaguna den esparruan, 983 herritar bizi dira; Osintxun, 400; Angiozarren, 288; eta, azkenik, Labegaraietako Ibarra kalean, 186 bizilagun. Datuek argi uzten dute, beraz, Bolua Bergarako auzorik jendetsuena dela.

1970eko hamarkadan eraikitzen hasitakoa auzoa da Bolua, orduko legediak beteko zituena. Hala ere, denborak argi utzi du hasieratik gauza asko egin zirela gaizki.

Abiapuntua desegokia izateak gerora hamaika buru-hauste eragin dizkie bizilagunei eta, beraz, garaian garaiko Udal Gobernuei.

Frontoia, bi aste barru erabilgarri

Agintaldi honetan hasi eta bukatu den proiektuen artean Boluko frontoiaren estalkiarena nabarmendu beharra dago, zalantza barik. Elena Lete alkatearen arabera, otsail erdialderako erabilgarri egongo da pilotalekua: "Ukitu batzuk bakarrik falta dira. Obrak oso ondo joan dira eta estalkia dotore geratu da. Uste dugu proiektua garatzeko prozesuan piztu ziren beldur batzuk uxatu direla emaitza ikustean. Gure nahia da kirol taldeek, auzotarrek eta herritarrek erabiltzea, erdigunetik oso gertu dago eta".

Oposizioa, prozesuarekin kritiko

Gogora ekarri behar da, bizilagun batzuk proiektuaren kontra azaldu zirela-eta, Gobernuak 2017ko irailaren 23an kontsulta egin zuela; baiezkoa irten zen: %34,23ko parte-hartzearekin, estalkiaren aldeko botoak %56,9 izan ziren eta kontrakoak, berriz, %42,8 –herritar batek zuri bozkatu zuen–. Kontsulta zergatik antolatu zuten gogoratu du Letek: "Auzotar batzuek ez zuten begi onez ikusi eta gogor jarri ziren edozein estalkiren kontra. Puntu horretan auzotarren artean giroa ez gaiztotzeko eta benetan auzoak zer gura zuen jakiteko galdeketa antolatu genuen; gehiengoak frontoia estaltzearen alde egin zuen, argi eta garbi".

Lanak amaitzear direnean, oposizioak ez du begi onez ikusten gauzatu zen prozesua. EH Bilduko Gorka Artolaren ustez, ez zen parte-hartze egokirik eman: "Aldez aurretik ez zitzaien bizilagunei entzun eta horrek eragin zuen gero galdeketa egin behar izatea. Galdeketak baiezkoa jaso zuen eta proiektuarekin aurrera egin da, baina gure zalantzak ditugu emaitza ona izango den eta benetan herriko beharrei erantzungo dien. Irekia da eta klimatizazio aldetik ez dakigu baldintzak beteko dituen, kirol jarduera batzuetarako mugak egon daitezke... Ez dakigu zer emango duen, ikusiko dugu".

Irabaziko Aiert Lizarraldek uste du galdeketa aurreko prozesua "biolentoa" izan zela: "Kontra agertu ziren bizilagunek gobernuarekin egindako bileretako bitan egon nintzen eta sekulako tentsioa egon zen. Kohesio sozial ikuspegitik kaltetu batzuk egon ziren. Itxura aldetik polita geratu da, baina ezin da ahaztu hasieran zuen aurrekontua baino ia hiru aldiz gehiago gastatu dela proiektu honetan".

Premia ugari, baina soluzio zailak

Hainbat auzotarrekin egon da GOIENA, eta, gehienek auzoan hobekuntza garrantzitsuak egin direla aitortzen eta eskertzen duten arren, diote oraindik asko dagoela hobetzeko.

Aparkalekuen beharra da gehien errepikatzen den aldarrikapena.

Ezin da ahaztu kalera doazen askok Boluan aparkatzen dutela, auzotarrendako lekuak nabarmen jaitsita. Gai horren bueltan, oroitzapen berezia gordetzen du hirigintza arloko gaietan asko aritu izan den ezker abertzaleko Jesus Mari Garitanok: "Auzoa oraindik eraikitzen ari zenean kalkulu bat egin zen, garajeak eta kanpoko aparkalekuak aintzat hartuta, etxe bakoitzeko aparkaleku bana zegoela esaten zuena. Datu hori oso positiboa zen orduan eta nahikoa zela zirudien, baina gaur egun auto bakar baterako lekua izatea motz geratu da. Etxe bakoitzean bi auto daude, gutxienez...".

Herri barruan joera orokorra oinezkoei lehentasuna ematea bada ere, gaur egungo errealitatea da autoen erabilera oso errotua dagoela herrian eta herri barruko mugimendu asko autoz egiten direla. Mugikortasunarekin jarraituz, Garitanok gogoratzen du garai batean Koldo Eleizalde eta Iriburu kaleetan autoak bi noranzkoetan mugitzen zirela eta aldatu egin behar izan zela: "Egoera hori desastre hutsa zen eta norabide bakarreko egin ziren. Orduan ere kexa mordoa izan ziren, baina uste dut egoera asko hobetu zela".

Aparkaleku gabeziari erantzun behar izateaz gain, irisgarritasuna bermatzea izan da auzoarendako beste erronka handienetako bat. Espainiako Gobernuko presidente Jose Luis Rodriguez Zapateroren E planaren bitartez, 2009an eta 2010ean eraiki ziren lau igogailuei esker nabarmen hobetu da irisgarritasuna. Auzorako sarrera eta irteera bakarra Zubieta-Masterreka ardatza –Zubietako zubiaren obrek egoera konplikatu dute azken hilabeteotan– izatea eragozpen bat gehiago da, eta bizilagun batzuek diote auzoa gero eta ilunago dagoela. Argiteria publikoa aldatzeko eskatzen diote Udalari.

Eskari eta interbentzio txikiak

Era berean, horrenbeste errepikatzen ez diren bigarren mailako eskarien artean daude, besteak beste, gune berde gehiago sortzea, Iriburu kalea oinezkoei ere zabaltzea eta kutxazain automatikoren bat jartzea. Udalak egin dituen azken interbentzio txikien artean daude honako hauek: Koldo Eleizaldeko eta Iriburuko atarte batzuk apaindu dituzte, landareak eta koloretako harriak jarrita; estalita dauden espazio ugarietan garbiketa zerbitzu berezi bat abiatu dute; Iriburu kalean zabor puntu espezifiko bat jarri dute... Eta Udalaren etorkizun hurbilerako asmoen artean daude, besteak beste, Koldo Eleizalden argiteria indartzea eta Aranerrekako espaloiak konpontzea.

Hobekuntzak hobekuntza, auzotarren eta politikarien artean adostasun zabala dago Boluren egoera errotik hobetzeko soluzioa oso zaila dela baieztatzerako orduan. Hiru agintalditan Bergarako alkate izan zen Victoriano Gallastegik argi dauka: "Ahal dena egin da, baina Bolua dagoen lekuan dago eta hori da bere arazo nagusia". Jesus Mari Garitanok ere antzeko irakurketa orokorra egiten du: "Egiten dena eginda ere Boluak ez du batere soluzio errazik".

Bolua oinarritik hobetzeko edozein obrak faraonikotik izango lukeelako gehiago gaur egungo baldintzek ahalbidetzen dutenetik baino.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak