Realak kargutik kendu du Asier Garitano

Mireia Bikuña 2018ko abe. 26a, 14:41

Asier Garitano.

Prentsa ohar bidez, Realak, entrenatzaile bergararraren kontratua etetea erabaki duela azaltzen du. Era berean, "ekarpen, profesionaltasun eta dedikazio osoa" eskertzen dio. Garitanorekin batera, kluba utziko du Miguel Perezek, lehen taldeko egitura prestatzaileko kidea. Sanseren egungo entrenatzaile Imanol Alguacilek beteko du Garitanoren lekua.

Alavesen kontra galdu ostean, burumakur joan ziren Realeko jokalariak eta entrenatzailea Gabonetako oporretara. Etxean, jarraian galtzen zuten laugarren partidua izan zen. Etxetik kanpo irabazitako puntuak, Anoetan galdu ditu Realak. Zenbakiak ez dira onak, eta arduradunek erabaki dute Garitano kargutik kentzea.  Realak kaleratu duen prentsa oharrean "onena opa dio bere etorkizun profesional eta pertsonalerako". Ohar berean, Realak aipatu du Miguel Perezek ere ez duela karguan jarraituko.

Eta, bergararrak utzitako lekua, oriotar batek beteko du. Iaz egindako moduan, Sanseko entrenatzaile Imanol Alguacil izango da taldearen arduradun nagusia aurrerantzean. Iaz, Eusebio Sacristanen hutsunea bete zuen. Oriotarrak bederatzi partidu zuzendu zituen,  hamasei puntu lortuz: bost garaipen, berdinketa bat eta hiru porrot.

Beñat Labaienek, analista lanak

Alguacilek bere alboan izango duen lan egituran, analista lana egiten jarraituko du Beñat Labaien bergararrak. Bestalde, Mikel Labaka izango da laguntzaile teknikoa; Jon Ansotegik egingo ditu bakarkako lanak jokalariekin, eta Luis Llopis izango da atezainen entrenatzailea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak