Ezustean harrapatu zaitu albisteak?
Joera txarra zen eta zuzendaritza gaur batzartzekoa zela ere bagenekien, baina, halako erabakia hartuko zuenik ez nuen espero. Nik apur bat gehiago itxarongo nukeen. Reala bizirik dago oraindik ligan eta kopan. Bi partidu irabazita, Europako postuetan sartuko litzake. Denboraldia salbatzeko garaiz daude oraindik. Baina, ez dakit zer pasatu den zuzendaritzakoen burutik Garitano botatzeko, eta erabaki horren atzean zer dagoen.
Nola baloratzen duzu erabakia?
Zuzendaritzaren porrot nabarmena dela esango nuke. Gauza asko aldatzeko ekarri zuten Garitano, eta lau hilabetetan pikuta bidali dute etorkizuneko proiektu izan behar zuena. Azken hamar urteetan hamaika entrenatzaile eduki ditu Realak. Astakeria galanta da hori. Aperribairen zuzendaritzak ez du kirol arloan asmatu fitxaketekin. Eta zaleek ez daukate pazientziarik, emaitzek agintzen dutelako.
Denboraldi bukaera bakoitzeko egiten diren hausnarketatan oso garbi ikusten da taldeak zer behar duen. Zein gabezia dituen. Baina, plangintza berria egiterako orduan, ez da ezer berririk antzematen. Talde honek lehiakortasun gabezia itzela dauka aspaldian, baina, hori hobetu dezaketen neurriak ez dira hartzen. Izan jokalari berriak, dinamika berriak...
Lehiakortasun eta eskakizun maila txikiek, jokalarien nagitzea dakar.
Eta berriro Imanol Alguacil entrenatzaile lanetan.
Gauza ona dauka izendapen horrek. Iazko dinamikak asko balioko dio oriotarrari. Ez da hutsetik hasiko. Kanpoko entrenatzaile bat ekarri izan balute, askoz zailagoa izango litzake.
Baina, kontrara, Imanol bera erretzeko balio dezakeen erabakia izan daiteke. Iazko denboraldia bukatuta esan zuten Sansera itzultzea zela onena harendako, lasai egon zedin. Presio barik. Eta, bat-batean, berriro arduratuko da taldea gidatzeaz. Eta oraingoan esango dute momentu aproposa dela taldeari bultza egiteko. Azken hiru urteetan Realak eduki dituen hiru entrenatzaileetatik (Sacristan, Alguacil eta Garitano) oriotarrak atera dio etekin handiena. Emaitzetan eta errendimenduan.
Albistea jakin bezain pronto, Sare Sozialetan jokalariei bota diete errua. Bereziki, Illarra eta Zurutuza aipatzen dira. Baina, oraingoan ere, leku ahulenetik moztu dute soka.
Zeozer zabaldu bada, zeozer dagoelako izango da. Garitanok partiduak planteatzen ditu kontrarioaren arabera. Eta horren harira Zuruk bota ditu txio batzuk. Baina, nolakoa den ezagututa, jarrera hori normala dela esango nuke.
Halako arazoak daudenean, Realean behintzat, ez dira publiko egiten. Eta, oraingoan kaleratu egin badira, norbaitek interesa zuelako izan da. Bereziki, egoera narrasteko. Eta, horri gehitu behar zaio, emaitzek ez dutela lagundu. Dena den, ni ez naiz gai esateko honen guztiaren atzean zer dagoen. Baina, zeozer egonda ere, ez dakit nahikoa den jokalariei kasu egin, eta entrenatzailea botatzeko.
Garitanoren aurretik, De la Barrerak ere taldea utzi zuen.
Olaberen fitxaketa izan zen, eta haren alde egitea ere nahiko susmagarria izan zen. Datu bitxi bat: De la Barrerak alde egin duenetik, partidu guztiak galdu ditu Realak.
Handi geratu zaio proiektua Garitanori?
Entrenatzaile ona dela deritzot, baina, Realean ez du asmatu. Kanpora begira ematen duen lasai itxura hori ezin izan du aldagela barruan mantendu.