Txurrukak 45 urte ditu, baina Bergaran bizi da aspalditik. Bandako eta orkestrako kide da gazte-gaztetatik. Bandako zuzendari-orde izendatuko dute orain eta Gonzalez Chirlaquerekin batera ariko da sei hilabete hauetan, erreleboa hartu bitartean.
Urtarrilaren 8an, bandaren urteko lehen entseguan, aurkeztuko du bere proiektua taldekideen artean. Bandak baiezkoa emandakoan izango da ofizialki zuzendari ordea eta ekainetik aurrera zuzendaria. Izan ere, aukeraketa prozesuko azterketetan hura gailendu da eta bandara bere onarpena eramango da.
Bandako eta orkestrako kide, pianoko goi mailako ikasketak eginak ditu Enrike Txurrukak; horretaz gain, enpresa ikasketak ere bai. Bandako perkusio taldean ari da: danborra, atabalak, bateria, teklatuak… jotzen ditu.
Udalak eta Bandak ez dute izendapena ofizialki baieztatu oraindik, nahiz eta bide ez ofizialetatik bai eman duten bandako zuzendari berriaren berri.
Udal Musika Bandatik, Musika Bandara
Alfredo Gonzalez Chirlaquek aspaldi jakinarazi zuen datorren urteko ekainean erretiroa hartzeko asmoa zuela. 63 urte izango ditu erretiroa hartu orduko. Erreleboa prestatzen hasi zen orduan Bergarako Udala. Izan ere, Udal banda izan da aurten arte. Udalbatzak aho batez onartu zuen iazko azaroan udal izaera utzi eta Bergarako Musika Banda elkarte bihurtzea.
Hala, azken asteotan, zuzendari berria aukeratzeko prozesuan aritu dira. "Nahi izan dugu, lehenbizi, aukera eman bandako kideei eta barruan zuzendari izateko inor ez bageneuka edo inork nahiko ez balu, orduan, deialdi zabala egin. Egungo bandako kide batzuek aurkeztu dute beren burua eta horien artean egin dugu aukeraketa" dio Gonzalez Chirlaquek. Horretarako, batzorde bat eratu da bandako eta Udaleko kideekin. Aukeraketa prozesuan, Joseba Torre Musikeneko irakaslea eta Udaleko pertsonen-aukeraketakoak aritu dira.
Bandako zuzendaria aukeratuta, orain, orkestrakoa aukeratuko dute. Orkestrako kideen artean erabakiko dute prozesua nola egin. Litekeena da, Txurruka bera izatea orkestrako zuzendari ere eta, gaur egun bezala, pertsona bakarra arduratuz bandaz eta orkestraz. Urtarriletik aurrera erabakiko dute hori.