Osagai bereziekin dator Gabonetako kontzertua

Eneko Azkarate Laspiur 2018ko abe. 21a, 14:00

Udal Pilotalekua bete egingo da Bandaren, Orkestraren, Aritzetaren eta Orfeoiaren Gabonetako kontzertuan. Denek batera joko duten The Mission, Aritzetaren Viva la vida (Coldplay) eta Orfeoiaren Theme from new york, new york, Frank Sinatrak ospetsu egin zuena, nabarmenduko dira. Gonzalez Chirlaqueren azkena izango da.

Urtean behin elkartzen dira agertokian herriko talde sinfoniko koral garrantzitsuenak. Gabonetako kontzertuan. Zapatuan izango da aurten, 20:30ean hasita, eta berezia izango da 39. hau: Alfredo Gonzalez Chirlaque Bandako eta Orkestrako zuzendariarendako azkena izango da. Ohikoa den bezala, sarrera guztiak agortu dira.

Ekainean hartuko du erretiroa Gonzalez Chirlaquek eta bi taldeetako zuzendaritza utziko du. Ordura arte, pixkanaka-pixkanaka, agurtzen joango da: Gabonetakoan, Aratusteetakoan..., Mendekoste jaietakoan behin betikoz agur esan arte.

Zuzendari berria

Gonzalez Chirlaqueren ordezkoa aukeratzeko prozesuan aritu dira azkeneko asteotan eta etorkizuneko bandako zuzendaria izango dena aukeratu dute dagoeneko, baina oraindik ez dute ofizial egin –bandako kideek barruko komunikazio moduan erabilita jakin duten arren–.

Orain, zuzendari berria Gonzalez Chirlaquerekin batera ariko da sei hilabete hauetan, kargua hartu bitartean. Bandako zuzendariorde izango da. "Nahi izan dugu, lehenbizi, aukera eman bandako kideei. Batzuek aurkeztu dute beren burua eta horien artean egin dugu aukeraketa", dio Gonzalez Chirlaquek. Zuzendari berriak urtarrileko lehen entseguan, hilaren 8an, aurkeztuko du bere taldekideen artean bandarako daukan proiektua.

Bandako zuzendaria aukeratuta, orain, orkestrakoa aukeratuko dute. Orkestrako kideen artean erabakiko dute prozesua nola egin. Litekeena da, bandako zuzendaria bera izatea orkestrako zuzendari ere, gaur egun bezala, pertsona bakarra arduratuz bandaz eta orkestraz.

1987ko Gabonetako kontzertua

Bandako eta Orkestrako zuzendariak ondo gogoan dauka lehen Gabonetako kontzertua. 1987an izan zen. "Nire lehen kontzertu sinfoniko handia izan zen, banda, orkestra eta koroak batera, nahiz eta orkestrarekin egina nuen emanaldia Gabonetako kontzertuan, orkestra 1985an sortu zen-eta".

Aitak 1987an hartu zuen erretiroa eta gogoan dauka lehen kontzertua bandarekin urte hartako Errege egunean izan zela Irala zine aretoan. "Garai hartan, Bergarako Udal Musika Bandak Gabon sasoian hiru emanaldi eskaintzen zituen: Eguberri egunean, Urteberri egunean eta Errege egunean. Aitari okurritu zitzaion Eguberrietakoa eta Urteberrietakoa kendu eta Gabonetako bakarra egitea eta horrela hasi zen. Urte batzuk geroago Errege egunekoa ere kendu egin zen” dio.

'The Mission’: berezien artean berezia

Bergarako Musika Banda, Aritzeta Abesbatza, Bergarako Orkestra Sinfonikoa eta Bergarako Orfeoia, aipatutako ordenan, ariko dira agertokian. Eta, amaieran, guztiak batera, Adeste fideles eta Hator-hator ohikoekin batera, Ennio Morriconeren The Mission joko dute –amaiera-amaierarako azken "sorpresatxo" bat gordeta dute–. "Orkestrarendako pieza ezinbestekoa da, Ennio Morriconeren beste batzuk bezala" dio Gonzalez Chirlaquek. Zuzendariak 1991n egin zuen moldaketa, urte hartako Gabonetako kontzerturako eta obra horrek ospea eman dio orkestrari, kanpoan jotzeko aukera eman dielarik.

Beste taldeek zapatuko emanaldirako aukeratutako errepertorioaren artean honakoak azpimarra daitezke: orkestraren Patrizia, Gonzalez Chirlaquek bere alabarendako egina; Aritzetaren Viva la vida, Coldplay taldearena edota Orfeoiaren Theme from new york, new york, Frank Sinatrak ospetsu egin zuena.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak