Bergarako hiribilduaren 750. urteurrenaren baitan, askotariko ekitaldiak eta argitalpenak egin dituzte; atzo aurkeztu zuen azken ekoizpena Udalak, Erraldoien Elkartearekin elkarlanean sortu duen Bergarako kolore erraldoiak izeneko haurrentzako ipuin liburua. "Urteurreneko lantaldeetan konturatu ginen, batetik, erraldoi taldeak bazuela aspaldi herrian erraldoiek duten garrantzia eta estimua aintzat hartuta Udalarekin zerbait egiteko eskaera; eta bestetik, herriari buruzko historia liburuak badauden arren, irakurle gazteentzako ezer ez dagoela. Hori horrela, ipuin liburuarekin, bi helburuak lotzeko aukera zegoela ikusi genuen", azaldu du Bergarako Udaleko teknikari Nagore Narbaizak.
2.000 ale argitaratu dituzte, eta, salmentak nola doazen ikusi ondoren, akaso, ale gehiago aterako dituzte. Udal Liburutegian eskuratu daiteke, sei eurotan. "Gabonetan, jaiegunetan izan ezik, liburutegia zabalik izango da, eta Erraldoi elkartekoen bidez ere eros daitezke".
Enkarguz egindakoa
Euskaraz idatzitakoa da, eta etxeko txikienei zuzenduta dagoela adierazi du Narbaizak, eta, horregatik, bada, ilustrazioek testuak baino pisu handiagoa dutela. "36 orri ditu, eta, irakurtzeko baino, ikusteko du gehiago, haurrek ulertzeko moduko testu motz eta errazak dira. Uxue Agirre eta Elene Etxaniz bergararrek idatzi dute istorioa, eta Gipuzkoako Make It Visual enpresak irudikatu du.
Herriko "pertsonaiek" kontatuta
Bergaran oso estimatuak diren Felixin eta Guti, urteetan Jai Batzordeko kide izandakoak, dira istorioko protagonista nagusiak, eta horien eskutik istorio bitxiak azaleratuko direla zehaztu du Narbaizak: "Herriaren ikur den urdin mahoi kolorea nondik sortu zen; wolframaren isolatzeari buruzkoak... Bi herritar ezagun horiez gainera, beste hainbat pertsonaia agertuko dira kontakizunean zehar: herriko erraldoi Mari Kattalin eta Joxe Bixente baserritarrak; Bitorianatxo, herriko jai nagusietako ikurra; Elhuyar anaia zientzialariak; Olentzero eta Mari Domingi...".