Bergarako bertsolari txapelketa hasiko dute gaur

Arantzazu Ezkibel Galdos 2018ko aza. 30a, 11:19

Enaitz Alustiza, 2016ko txapelduna.

Bertsozaleek gogoz itxaroten duten txapelketak gaur hasiko du bidea. Bergarako bertsolari txapelketaren lehenengo finalerdia jokatuko dute Pol-Pol tabernan, 23:00etan.Lau bertsolari ibiliko dira kantuan: Jon Altuna Oxan, Unai Arantzabal, Eñaut Uriarte –azken orduko aldaketa izan du kartelak– eta Enaitz Alustiza. Bertsolariei gaiak jartzen, aldiz, Ibon Leibar Txinbo ibiliko da

Bertsolari bakoitzak bere estiloa izaten du, eta, hain zuzen, estilo horiek zelakoak diren azaldu du Txinbo-k: "Jon Altunak bertsokera alaia du, umore ukituaz kantatzen du; Unai Arantzabal zaletasun handiko bertsolaria da; Eñaut Uriartek betidanik kantatu izan du; eta esango nuke Enaitz Alustiza txapelketa irabazteko faboritoetako bat dela". Gaurkoa lehenengo finalerdia izango da eta hurrengoa abenduaren 14an jokatuko dute, Bule tabernan, 22:30ean. Beste lau bertsolarik parte hartuko dute bigarren saioan: Gari Lopez de Muniain, Asier Kortabarria, Iñigo Arcelus eta Iraitz Artola izango dira bertsolariak.

Finala, aldiz, abenduaren 28an izango da, Bergarako kartzela zaharrean. Kopla Barik bertso eskolak antolatzen du txapelketa, Jardunen eta gaztetxearen laguntzarekin.

Bertsoa kalera ateratzea

Bertso eskolak "osasun ona" duela diote: "Iraitz Artolak debuta egingo du txapelketan, beste bi mutiko gazte ere baditugu, neskak baita...". Aurtengo txapelketan epaile berriak ere izango dituzte. Antolatzaileek uste dute final handiaz gain finalerdietan ere aretoak bete egingo direla.

Txapelketaren helburua bertsoa kalera atera eta herritarrengana heltzea dela diote; horrez gain, bertsolariek eurek ere publikoaren aurrean kantatzeko aukera izatea nabarmendu dute."Eguaztenenetan elkartzen dira bertso eskolan; lagunarte ona dute eta taldea eginda dago. Baina ez dute gura giro hori bertso eskolan bakarrik geratzea; herritarrengana zabaldu gura dute", dio Txinbo-k.

Urtean zehar herrian sei bat bertso jaialdi egiten direla diote, eta saio horietan ikusten dela herrian badagoelako bertso zaletasuna

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak