Pentsionisten eta Zubietako bizilagunen eskaerak protagonista azaroko osoko bilkuran

Imanol Beloki Unamuno 2018ko aza. 27a, 13:27

Indarkeria matxistaren aurkako adierazpen bateratua onartzeaz gain, galdera eta eskaeren tartean erretiratu eta pentsionisten zein Zubietako bizilagunen ordezkaritza banak egindako eskaerak iazan ziren protagonista azaroko ohiko osoko bilkuran. 

Ohiko osoko bilkura izan zuten, atzo, Bergarako Udal ordezkariek, eta tratatu zituzten gai guztietatik aipatzeko bat, azaroaren 25eko adierazpen instituzionala onartzea izan zen. Aho batez onartu zuten, gainera, indarkeria jasan duten emakumeei ahotsa eman behar zaiela, haien lekukotzari autoritatea eta bizi izan duten indarkeriaren errelatoari egiazkotasuna adierazten duen adierazpena.

Hori oinarri; zerbitzuak hobetzera, elkarlanean jardutea eta babesa ematera konprometitu ziren udal ordezkariak, besteak beste. Honekin batera, Bergarako gizon eta emakumeen berdintasunerako II. plana ere aho batez onartua izan zen.

Pentsionistak enpatia eske

Jubilatu eta pentsionistak ere izan ziren udalbatzan, eta Udal Gobernuaren jarrera ez dela egokia adierazi zuten.

Jubilatu eta pentsionistak ere izan ziren udalbatzan, eta Udal Gobernuaren jarrera ez dela egokia adierazi zuten. Udalaren enpatia falta adierazi zuten, eta batzuei, Seminarioa erabiltzen uzten dietela eta beste batzuei ez. Hala, irizpideak nola erabakitzen dituzten galdetu zuten, bigarren mailako herritar moduan kontsideratzen direla adieraziz. Hala adierazi zuen Itziar Usandizaga herritarrak: "Batzuei bai Seminarixoa, eta beste batzuei ez? Zein irizpide erabiltzen duzue? Aurreko baten ez zeneuzkaten garbi Seminarixorako irizpideak baina orain garbi dago; hau [udaletxeko osoko bilkuren aretoa] Udaleko gauzetarako eta Seminarixoa hitzaldietarako". 

Honen aurrean, Elena Lete alkateak adierazi zuen, iaz, mozio bat onartu zutela pentsionisten mugimenduari atxikimendua adierazten dietena. "Iaz onartu genuen mozio bat, eta atxikimendua erakutsi genion mugimenduari. Gure aterpean astelehenero biltzen dira, gure ahalbide ezberdinak erabiltzen dituzte, eta hala jarraitzeko asmoa daukagu. Beste gauza bat da, irizpide desberdin bat izatea momentu jakinetan. Joan den astean, beraien hitzaldia Irizarren egitea pentsatu genuen, eta han egin zen. Era on batean ahalbidetu genuen, eta ondo egon zen. Lankidetza bat bultzatzeko beharra daukagu, beste batzuekin daugakun moduan. San Joxepe elkartearekin, esaterako, lankidetza baten bitartez, ostegunean egongo dira Seminarixuan. Paul Rios dator, eta bere inguruan biltzen den jendea nahiko handia dela sumatzen dugunez, Seminarixuan joango da".

EH Bilduko ordezkariek, bestalde, jubilatu eta pentsionistek jasotzen duten tratua ez dela bidezkoa adierazi zuten: "Udalaren aldetik jaso duten tratua ez da bidezkoa. Baliabide batzuk eskatu dituzte, beste herritar batzuei uzten dietenak, eta arrazoi handi barik, ezezkoa jaso dute, Bergarako talde handi bat denean. Hala, jende honekiko beste borondate eta jarrera bat eskatu diogu Elenari", adierazi zuen Agurne Barruso Bergarako EH Bilduko bozeramaileak.

Irabaziko Aiert Lizarralde Bergarako bozeramaileak, berriz, alkatearen tratua elkarte bat edo beste baten artean, ezberdina dela adierazi zuen: "Beti istorio berdina da. Alkateak, eragile bat bere ideologiatik gertukoa ikusten badu, hari eskuz zabaltasun guztiz tratatzen du. Sumindu eta urduri jartzen dionari bizitza jasanezina egiten dio. Alkate honek dirutza bat kobratzen duenez, beste ejemplo bat egin behar du, bere mozioak etxean utzi, eta objektiboki neurtu behar ditu gauzak".

Zubietako bizilagunak arduratuta

Honekin batera, Zubietako bizilagunak ere batu ziren udalbatzan, eta 2019ra begira, Udalak proposamenik prestatuta duen galdetu zuen Gorka Gonzalez herritarrak.

Honen aurrean, honakoa adierazi zuen Elena Lete alkateak: "Aurrekontuen zirriborroan aurreikusita zegoen. Ikusten genuen, datorren urtean lur-azpiko aparkalekuarekin batera, Zubieta kaleak erabilera handia izango du, eta horregatik neurri zuzentzaile batzuk hartu behar genituela trazaketa aldatu barik. Momentu honetan hori ez da posible. Zirriborroan sartu genuen, prentsan ere esan dugu, haien animoak lasaitzeko asmoarekin. Aurrekontua onartuta dagoenean, tokatzen da hori garatzea…"

EH Bilduko Agurne Barruso bozeramaileak adierazi zuen, seguruenik partida handitze bat eskatuko dutela Zubieta kalearen egoera hobetzeko. Irabazik, bestalde, aurrekontuetan gauza asko sartu nahi lituzkeela adierazi zuen, eta oposizioaren aldetik, ez dela erraza izango Zubietaren gaiari bere tokia ematen.

Botoak delegatuz

Amatasun bajan dagoen zinegotziak botoa delegatu dezakeela ere adierazi zuten. 2016an, Euskal Udal legea onartu zela gaineratuz, Bergaran aitzindariak direla adierazi zuen alkateak. Hori horrela, pasa den osoko ohiko bilkuran Leire Iruin-ek Agurneri botoa delegatu zion moduan, atzokoan, Maite Agirrek Elena Lete alkateari delegatu zion botoa.

Erlazionatuak

Azaroko osoko bilkura argazkitan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018 aza 27 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak