Bergarako baserrien eta abizenen gaineko bigarren liburua aurkeztuko du bihar Patxi Larrañagak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2018ko aza. 23a, 10:06
Patxi Larrañaga ikerlaria bihar aurkeztuko duen liburua eskuetan duela.

Patxi Larrañagak Bergarako oinetxeen eta abizenen gaineko azterketarekin jarraitzen du. Hain zuzen, bihar, azterketa horren bigarren zatia aurkeztuko du: 'Abizenak, leinuak eta oinetxeak' liburua. 11:30ean izango da ekitaldia, udaletxeko osoko bilkuren aretoan.

"Aztertu ditut 42 oinetxe. Oinetxe horiek izen bereko abizenaren sorleku dira. Gertatzen dena da gaur egun abizen horietako batzuk dagoeneko ez direla baserri horretan bizi diren familiakoenak edo galdu egin direla", azaldu du Larrañaga idazleak. Horren adibide, adibidez, Eduegi abizena dela dio: "Gaur egun galduta dagoen abizena da, baina, aztertu dudanaren arabera, orain dela 300 bat urte, Eduegi baserrian bizi zirenek abizen hori zuten". Elkoro abizena, adibidez, Bergaran "oso ezaguna" dela dio Larrañagak, baina "baserrian bizi direnek" ez dutela abizen hori gaineratu du.

Mantendu diren abizenak

Mantendu diren baserri eta abizen batzuk badaudela dio Larrañagak: "Garitano, Arando... Azken abizen horrek, adibidez, 500 urte baino gehiago ditu". Liburuan, gainera, oinetxearen izenaren abizena mantentzen duen familiaren zuhaitz genealogikoa egin duela gaineratu du Larrañagak.

Zein abizen da erabiliena?

"Nik uste dut Gipuzkoa mailan baserrien izenean jatorria duten abizen gehien dituen herria dela Bergara"

Bergarak oinetxe asko dituela dio Larrañagak: "Nik uste dut Gipuzkoa mailan baserrien izenean jatorria duten abizen gehien dituen herria dela. 100 abizen baino gehiago daude".

Bergaran gehien erabiltzen den abizena zein den galdetuta, zera erantzun du, barrezka: "Nirea... Larrañaga da gehien erabiltzen den abizena. Era berean, bi baserri daude Larrañaga izenarekin eta horiek dira Larrañaga abizenaren jatorria".

Hirugarren liburuan lanean

Bergararen sorreraren 750. mendeurrena ospatzen dela aprobetxatu nahi izan dute liburuaren aurkezpena egiteko: "Eskatu zidaten ea aurten egingo nuen aurkezpena", dio Larrañagak. Bigarrena eginda, hirugarrenarekin lanean diharduela gaineratu du: "2019 amaieran aurkeztu gurako nuke hurrengoa: I-Z arteko oinetxeak eta abizenak batuko nituzke hirugarren horretan: Irarraga eta Zupide arteko abizenak".

Lehenengo liburuan, Abrain-Buruñondo abizenak jaso zituen. Nabarmendu behar da argitaratu zituen liburu guztiak saldu zirela hilabeteko epean. Bihar aurkeztuko duen liburua 15 euroren truke jarriko du salgai: aurkezpenean bertan, eta Idatzi, Jolas, Tximeleta, Zangitu estankoa eta Pol-pol tabernan.

Aurkezpena, lagunekin

Oñatiko Protokolo artxiboan, Bergarako Udal Artxiboan eta Olaso fundazioko artxibo pribatuan bilatzen du informazioa Larrañagak, besteak beste. Liburu artean "lagun handiak" egin ditu, "maisuak" direnak, haren hitzetan. Hain zuzen, biharko aurkezpenean ondoan izango ditu bi "maisu": Gipuzkoako Probintziako artxiboko Ramon Martin Sukiak Bergarako historiaren puzzlea osatzen hitzaldia egingo du; eta Ibon Telleria arkitektoak Baserrien adina-Dendrokronologia izango du berbagai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak