Yon Suinaga: "Madariagari aitortza txiki bat da liburu hau"

Jokin Etxebarria 2018ko aza. 16a, 18:40
Yon Suinaga, Miguel Madariagari buruz idatzi duen liburuarekin

Bihar, zapatua, azaroak 17, aurkeztuko dute Bergarakoaren barruak ase dituen Miguel Madariaga, ametsak errealitate bihurtuz liburua, Derion. Liburuan, Eddy Merckx-ek, Bernard Hinault-ek edo Miguel Indurainek parte hartu dute besteak beste. 

Txirrindularitza-zale amorratua da Yon Suinaga (Bergara, 1967), eta, aurrez beste liburu pare bat argitaratuak bazituen ere, aspalditik zeukan bere pasioari buruzko liburu bat idazteko nahia. Miguel Madariaga, ametsak errealitate bihurtzen liburuarekin, bere ametsa ere errealitate bihurtu du.

Zergatik Miguel Madariagari buruzko liburu bat, Yon?

Idaztea ikaragarri gustatzen zait eta berez nobela bat idatzita daukat jada, eta ziklismo-zale itsua naiz. Txirrindularitzari buruzko liburu bat egin ahal izatea beti izan dut amets, eta segituan etorri zitzaidan Euskadi Fundazioaren inguruan egon diren taldeei buruz zerbait egin behar nuen ideia; izan ere, gai honetan zulo bat zegoela iruditzen zitzaidan. Ideia horrekin gerturatu nintzen Miguelengana eta segituan konturatu nintzen Miguelek berak bazeukala liburu bat adina idazteko gauzak kontatzeko, eta zor zaion omenaldi txiki bat egitea erabaki nuen.

Izan ere, Miguel Madariaga gabe, oso zaila da gaur egungo euskal txirrindularitza ulertzea, ezta?

Horrela da. Gaur egun puntapuntan dauden euskal txirrindulari ia guztiak bere eskuetatik pasa dira. Mikel Landa, Izagirre anaiak, Pello Bilbao... guztiak ibili bere talderen batean. Gainera, 120 ziklistak baino gehiagok debutatu ahal izan dute profesionaletan Migueli esker. Seguruenik, fundaziorik gabe, erdiak ere ez zuen debutatuko.

Eta zer aurkituko du irakurleak liburu honetan?

Proiektuarekin hasi nintzenean, ez nekien nondik nora bideratuko nuen guztia, baina, azkenean, Miguel Madariagaren historiaren eta bere taldeen historiaren batuketa irten dela esango nuke. Bertan irakurri ahal izango dira Miguelen gaztetako urteak, itsasoan lanean ibili zenekoa, taldeetan edukitako esperientziak, gaur egungo bere bizitza... eta Euskadi Fundazioaren 25 urteetako historian ere asko sakondu nahi izan dut. Biografia bezala katalogatzea zaila egiten zait, bizitzako kontuetatik harago doalako. Etiketa bat jarri beharko banio, aitortza txiki bat jarriko nuke.

"EDDY MERCKX, INDURAIN ETA HALAKO ZIKLISTA HANDIEN TESTIGANTZAK AGERTZEN DIRA"

Eta guztia, testigantza pila batekin uztartua.

Egia da. Agian, formatua telebistarako aproposagoa zen. Izan ere, 60 testigantza baino gehiago agertzen dira, guztiak Migueli eta berarekin bizi izandako anekdotak kontatzen. Bertan aurki ditzakegu Eddy Merkx, Bernard Hinault, Miguel Indurain eta halako ziklista handiak, eta Miguelen masajista garaitik ziklismoarekin zerikusi handirik ez duten Genar Andrinua eta Herri Torrontegi bezalakoak. Testigantza bakoitzak historia bat gordetzen du.

Ziklismo-zale batentzat horrelako liburu bat egin ahal izateak gozamen hutsa izan behar du, ezta?

Ordu pila bat dira, eta, disfrutatzen ez baldin baduzu, ez du merezi horrelako esfortzurik egitea. Niretzako, plazera eta luxua izan da proiektu hau aurrera atera ahal izatea eta horrenbeste jende ezagun ezagutzea, eta beraiekin tarte polit bat pasa ahal izatea ikaragarria izan da. Miresten dudan jendearekin kafe bat hartu eta luze eta zabal Migueli buruz, ziklismoari buruz eta beste gauza askori buruz hitz egiteko aukera hau oso polita izan da.

Liburua zapatuan aurkeztuko duzue, Derion.

Gela Pedagogikoaren 20. urteurrenaren barruan egingo da eta Ilaski Serranok eta Pedro Delgadok aurkeztuko dute. Liburuan parte hartu duen jendea egongo da bertan. Javier Guillen, Espainiako Itzuliko zuzendaria, espresuki etorriko da Madrildik eta Roberto Laiseka, Xabier Elorriaga eta beste asko ere han egongo dira. Gainera, aurkezpenaren ondoren, Igor Antoni omenaldia egingo zaio, eta espero dugu ekitaldi polita izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak