Iaz, ekainean, italieraz argitaratu zuten Vera Mongolfiera 4 eta 7 urte bitarteko irakurleentzako liburua. Aspaldiko lagunak dira Sardiniako idazle Cinzia Tuveri eta Bergarako ilustratzaile Usoa Mendikute, eta Tuverik buruan zituen istorioak irudikatzeko proposatuta abiatu ziren elkarrekin abentura horretan.
Harrera ona izan zuen 8 urte dituen Vera neskatila ameslariaren istorioak, eta beste hizkuntza batzuetan argitaratzeko nahia sortu zitzaien liburuaren egileei. Argitaletxeekin harremanetan jarri, eta, hilabeteetako lanaren ondoren, astelehenean argitaratu zuten Sevillako Babidi-Bu argitaletxearekin gaztelerazko bertsioa: Vera la soñadora izenekoa. Argitaletxearen webgunean –Babidibulibros. com–, Casa del Libroren eta El Cortes Inglesen atarietan eta liburu dendetan eros daiteke.
Euskaraz ere ateratzeko bidean
"Urte hasieran esan ziguten liburua argitaratzeko prest zeudela, baina, gure lehenengo liburua denez, gutxieneko salmenta bermatzeko, guk 200 ale erosteko baldintza jarri ziguten. Gastu horiei aurre egiteko Verkami plataformaren bitartez crowdfunding kanpaina abiarazi genuen eta 150 mezenasen laguntzarekin –gehienak Bergarakoak– aurrekontua biltzea lortu genuen. Oso esperientzia aberasgarria izan da crowdfunding kanpaina, eta jendearen harrera ezin hobea; hortaz, Verari buruzko istorio berriak sortuz gero, eta diru beharra izanez gero, bide beretik joko genuke", dio ilustratzaileak.
Sevillako editorialarekin bost urterako kontratua sinatu dutela gaineratu du Bergarakoak: "Kontratuak jasotzen du epe horretan ezingo dugula beste argitaletxe batekin liburu hori argitaratzeko hitzarmenik egin, eta esan digute beste herrialde batzuetako argitaletxeekin negoziatuko dutela beste hizkuntza batzuetan atera ahal izateko; horien artean, euskaraz".
Biodibertsitateari buruz
Mediterraneoko itsasoko irla bateko aspaldiko gertaera batetik abiatuta, haurrengan miatzeko jakingura eta imajinatzeko ahalmena sortzea da asmoa.