Eraldaketa feministaren beharra nabarmendu dute Bergarako eskola herritarrean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018ko aza. 8a, 18:04

Jaizkibel konpainiako kide eta EH Bilduko legebiltzarkide Oihana Etxebarrietak hitzaldia eman zuen atzo Irizar jauregian.

Sorturen eta Iratzarren eskola herritarrean, Oihana Etxebarrietak hitzaldia eman zuen atzo; zapatu goizean, hilak 10, Aranzadi ikastolan elkartuko dira, Luciana Alfarok gidatuta, eta hilaren 16rako bertso saioa antolatu dute Artatsen, Miren Amurizarekin eta Ane Labakarekin.

Patriarkatua suntsituz, Bergara feminista eraiki izenburupean antolatu dute Sortuk eta Iratzar fundazioak eskola herritarra, bigarren urtez. "Ondo pasatuz ikasteko pentsatutako eskola da", diote.

Atzo iluntzean egindako lehen saioan, Jaizkibel konpainiako kide eta EH Bilduko legebiltzarkide Oihana Etxebarrietak gidatuta, emakumearen eta espazio publikoaren arteko harremana izan zuten hizpide: "Hondarribikoa kasu oso larria eta mediatikoa izanagatik ere, sistema patriarkalaren ondorioa da. Sistemak gizona jartzen du erdigunean, are eta gehiago eremu publikoan".

Egoera hori Bergarara ekarri eta honako galdera hauek egin zituzten, besteak beste: "Zein leku betetzen dute emakumeek Bergarako jaietako agertokietan? Bertso saioetako oholtzetan? Kontzientzia handieneko eremuetan ere diskriminazioa bizi dugu, sistematikoa delako". Eta horrekin batera diote Bergara ez dela herri duina izango biztanleen erdiak bigarren mailakoak diren bitartean: "Egoeraren kontziente egin eta eraldaketarako tresnak eman nahi dizkiegu eskoletara etorri diren eta etorriko diren herritarrei".

Zapatuan, Luciana Alfaro, Aranzadin

Bigarren saioa bihar izango da, Aranzadi Ikastolan, 10:00etatik 13:00etara. Martxanterek antolatuta, Luciana Alfaro izango da protagonista: "Langile klaseko emakume eta migratzaile gisa, bere bizipen eta irakurketatik abiatuta gaiari buruz ikastea espero dugu. Gainera, gutako bakoitzak ditugun bizipen eta kontraesanetan murgilduko gara, horiek gainditzen laguntzeko estrategiak eskuratzeko".

Eskolak bukatzeko, hilaren 16an bertso saioa izango dute Artatse elkartean, Miren Amurizaren eta Ane Labakaren eskutik. Antolatzaileek geratzen diren bi saioetarako gonbidapena egin dute: "Saio guztiak irekiak dira bergarar guztientzat, eta gure eskolan asistentzia ez da derrigorrezkoa. Ez dugu azterketarik egiten, ziur gaude-eta horrela askoz gehiago ikas daitekeela".

Azaroaren 16ko bertso afarirako txartelak Arrano tabernan daude salgai; ikasleek eta langabetuek 12 euro ordaindu beharko dute eta langileek, berriz, 16 euro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak