Eguraldia lagun lasterketa polita zuten aurrez aurre Soraluzeko irteera puntura gerturatu diren kirolariek. Handbike modalitatean lau ziren irtetekoak, baina, hara bidean kolpea izan du Ione Basterrak eta bizikleta hondatu zaio. Hala, hiru gizonezko izan dira nor baino nor gehiago, eta beste behin Ion Galarraga izan da lehenengoa helmugan, azken urteotan legez.
- Ion Galarraga: 22:13
- Mikel Goikoetxea: 24:56
- Aingeru Senperena: 29:52
Galarragaren esanetan prestaketa polita izan da gaurkoa datorren domekako Behobia-Donostia lasterketarako.
Patinetan oso bizkor
Patinen gainean jardun dutenek 16:45ean ekin diote lasterketari; 34 kirolari guztira. Ibilbideko hainbat puntu bustita egon arren gehientsuena lehor eta txukun zegoela adierazi dute, eta horri esker, abiadura bizian egin dute askok proba. Ilazki Zalakain tolosarra eta Oihane Etxeberria errenteriarra izan dira lehenengoak helmugan. Zalakain lehenengoz etorri da Bergarara, eta onartu du, gogorra egin zaiola batez ere atzetik estutu egin dutelako; dena den, helmugan ez du aurkaririk izan. Etxeberriak, ostera, ezagutzen zuen ibilbidea eta gustura egin du taldetxo baten babesean.
- Ilazki Zalakain: 18:33
- Iñaki Zubillaga: 18:55
- Enrique Leiva: 19:20
- Joseba Pacios: 19:37
- Arkaitz Arana: 19:39
- Peio Aramendi: 19:44
- Unai Perea: 19:58
- Joxu Arana: 20:05
- Egoitz Atxaga: 20:55
- Imanol Imaz: 21:17
- Oihane Etxeberria: 22:32
- Oihana Unamuno: 23:15
- Leire Etxaburu: 23:15
- Maider Epeldegi: 25:23
- Itziar Zabaleta: 26:59
- Lorea Galnares: 27:47
- Guissel Hoyos: 28:42
Lasterkarien artean erreleboa
Lasterka egiteko aparteko giroa izan dute aurten, eta halaxe, hegan egin dute batzuk. Lauzpabost laguneko taldetxoa jarri da buruan lasterketa hasi orduko; Mimenza, Garcia eta Rua bizkaitarren artean Iñigo Alzola arrasatearrak ere lortu du sartzea. Lehen kilometroak elkarrekin egin arren abiadura bizia jarri dute Mimenzak eta Garciak, eta poliki-poliki, atzean utzi dituzte gainerakoak. Garcia lesio luze batetik bueltan da eta poliki bada ere hasi da forma hartzen. Mimenzak, baina, azken lasterketetan erakutsi du ezin hobeto dabilela –Oñati-Arrasate ere berak irabazi zuen– eta hala, azken kilometroetan atzean utzi laguna eta bakarrik helmugaratu da.
Alzolak, ostera, ondo sufritu arren laugarrena izatea lortu du Guillermo Vahlen aurretik, eta lehen debagoiendarrari ematen dioten Mikel Crespo saria eskuratu du. Asfaltoan egiten duen urteko lasterketa bakarra dela aitortu du, eta pozik hartu du saria Crespo oso gertukoa zuelako. Lehen bergararra, ostera, Andoni Gomez izan da.
- Aitor Mimenza: 31:48
- Dabid Garcia: 32:21
- Dabid Rua: 32:48
- Iñigo Alzola: 32:56
- Guillermo Vahl: 32:57
- Ekain Larrea: 34:05
- Andoni Gomez: 34:06
- Victor Madejon: 34:37
- Ioritz Conde: 35:19
- Fernando Matias: 35:21
Emakumeetan, ostera, Araitz Villak ez du izan aurkaririk. Dabid Garciaren ikaslea da hori eta hark gonbidatuta etorri da probatzera. Probatu, gustura egin, irabazi eta izugarrizko marka egin du 19 urteko durangarrak. Oso gustura egin duela aitortu du eta datorren urtean itzuliko dela iragarri. Bigarren sartu da Maider Uribe bergararra bere buruari jarritako erronka beteta; 40 minututik jaistea. Eta hirugarrena Miren Apraiz arrasatearra izan da; hori ere gustura lasterketa txukuna egin dutelako.
- Araitz Villa: 37:05
- Maider Uribe: 29:44
- Miren Apraiz: 41:17
- Olatz Korkostegi: 43:33
- Leire Balzategi: 43:56
- Argider Txurruka: 44:20
- Nerea Agirregomezkorta: 45:27
- Ana Ruiperez: 45:35
- Pilar Arzuaga: 45:50
- Jone Agirregabiria: 45:54
Antolatzaileak pozik
Antxintxika taldeko antolatzaileak pozik agertu dira bai parte-hartze kopuruarekin, bai lasterketaren nondik norakoekin. "Zubia izanik bagenekien behera egingo zuela kopuruak baina ez da asko jaitsi", adierazi du Aitor Rementeriak. Gainera, beste behin giro polita sortu da Bergarako kaleetan.
Mikel Crespo aretxabaletarraren omenezko lasterketa izanik, iaz legez Aretxabaletako lagun asko gerturatu da bai lasterketa jokatzera, bai korrikalariak animatzera. Haren senideak eta lagunak izan dira asko.