Feminismoa ardatz izango duen eskola herritarra Bergaran

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018ko urr. 31a, 15:17

Iazko eskola herritarraren saio bat, Irizar jauregian.

Iaz erabaki zutenez, Sortuk eta Iratzar fundazioak antolatutako eskola herritarren bigarren edizioan feminismoa landuko dute, Patriarkatua suntsitu, Bergara feminista eraiki goiburupean. Adibidez, azaroaren 7an Jaizkibel konpainiako kide eta EH Bilduko legebiltzarkide Oihana Etxebarrietak hitzaldia eskainiko du. Azaroaren 10ean eta 16an ere zita bereziak izango dituzte.

Honako hau izango da eskola herritarraren bigarren aldiko egitaraua:

  • Azaroak 7, eguaztena, 18:30ean Irizar Jauregian: Hondarribiko Alardea eta emakumeak espazio publikoan. Oihana Etxebarrieta Hondarribiko Jaizkibel Konpainiako kidea eta EH Bilduko parlamentaria

  • Azaroak 10, zapatua, 10:00etan Aranzadi Ikastolan:

    • Emakumea, arraza, klasea Luciana Alfaro Munduko Emakumeen martxako koordinatzailea eta Martxanteretako kidearekin. Esperientzia pertsonaletatik, hausnarketa kolektiboa egingo dute. Goizeko gai nagusia izango da.

    • Azaroak 25 eta M-8: Greba Feminista. Eguna eta grebaren arrazoiak landu eta berau indartzeko bideak aztertuko dituzte.

  • Azaroak 16, egubakoitza, 21:00ean Miren Amuriza eta Ane Labaka bertsolariekin bertso afaria Artatse elkartean. Sarrerak salgai daude Arrano tabernan.

Herri Batzarraren erabakien berri

Eskola herritarra aurkezteaz gain, Bergarako Sortuk azken herri batzarrean ondorioztatukoen berri eman du: "Irakurketa kezkagarria da, bereziki Udalari dagokion atalean kezkatzeko arrazoiak ditugu: gobernatzeko modu erabat autoritarioa du, herritarrei, herri mugimenduei eta oposizioari parte hartzeko ate guztiak itxiz; ez du proiektu propiorik garatu, egin duen bakarra aurreko urteotako proiektuen gestio kaxkarra izan da –Seminarixoa, Laboratoriuma–; hiru urteko paralisiaren ondoren, zementoaren politikari ekin dio, korrika, presaka eta gaizki obrak esleituz –Zubietakoa kasu– edota udala larriki zorpetuz –seminarioko parkinga–. Zementoa, inaugurazioa eta zorpetzea ez da kudeaketa on baten eredua, besteak beste, Espainia krisi larrian sartu zuen eredua da EAJk Bergarara ekarri duena"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak