Maider Uribe: "40 minututik jaistea gustatuko litzaidake"

Jokin Etxebarria 2018ko urr. 31a, 20:40
Maider Uribe helmugara iristen

Iaz Antxintxika kroseko irabazle, bergararrak, aurten, marka hobetzea du helburu. Bergarako kaleetan jendeak ematen duen bultzada sekulako hauspoa dela uste du.

Zaletasunagatik egiten du korrika Maider Uribe bergarar gazteak. Iaz, bere herriko plazako helmugan besoak altxa zituen, Antxintxika krosean; aurten ez du proba espresuki preparatu, baina aurreko postuetan egotea du helburu.

Iaz irabazle irten zinen; aurten zein da zure helburua lasterketari begira?

Helburu moduan aurreko urteko marka, ahal izanez gero, behintzat, hobetzea daukat. Badakit ez dela erraza izango, iaz oso ondo ibili nintzelako, baina 40 minututik jaistea gustatuko litzaidake.

Eta helburu hori lortzeko prestaketa bereziren bat egin duzu?

Korrika zaletasunagatik egiten dut, ez dut entrenamendu zehatzik egiten. Nire denbora librean korrika egitera irteten naiz eta 10-14 kilometro egiten ditut, normalean, gustura gelditu arte. Egia da, herriko lasterketa izanda, beti dela gustuko bertan ondo ibiltzea eta nolabait ere horri begira egotea, baina ikasketetako praktikak egiten nabil orain eta ez dut denbora soberan eduki lasterketa honi begira prestaketa zehatza egiteko.

Ibilbidea ez da aldatu. 10 kilometro lauak dira. Zein da gakoa Soraluzetik Bergararako ibilbide horretan aurreko postuetan ibiltzeko?

Nik beti beste norbaitekin batera egin izan dut lasterketa. Normalean, mutil-lagunarekin. Bera izan da erritmoa markatu izan didana, erbi-lanak egin dizkidana, eta larri nabilela ikusi izan dudenean erritmoa jaitsi duena. Aurten, bakarrik egingo dut korrika eta ez dakit nola moldatuko naizen. Hala ere, betiko antzera, azkar irteten saiatuko naiz. Azkar bai, baina kontrol baten barruan beti, itotzeko arriskurik hartu gabe.

Beraz, estrategia moduan, azkar irten eta ahalik eta azkarren aldea zabaltzea erabiltzen duzu.

Gustuko dut hori egitea, jendea aurreratzen ibili beharraren presiorik ez edukitzeko. Egia da, batzuetan, bete-puntu bat izateko arriskua badagoela, baina, orduan, erritmoa jaitsi eta kito. Nahiago dut hori, atzetik aurrera ibili baino. Lasai irteten zarenean ere, ez dago ziurtatuta helmugara ondo iritsiko zarenik. Azkenean, gainera, nolabaiteko presio bat jartzen diozu zeure buruari ere, aurreko postuetan ibili ahal izateko jendea aurreratzen ibili beharra daukazu eta lasai irtenda ere gerora erritmoa bizkortu beharra daukazu. Nik estrategia hori erabiltzen dut eta, oraingoz, ondo joan zait: aurrenekoetakoa irteten saiatu eta kontrol baten barruan erritmo bizia ezarri hasieratik.

Ibilbidean zehar hainbat puntu berezi egoten dira. Zein da barruak gehien betetzen dituena?

Osintxu erditik egiten den pasaldia asko gustatzen zait; amama bertakoa da eta bertan bizi da. Aita ere han egoten da balkoitik animoak ematen, eta berezia izaten da. Baina egia da, baita ere, Bergarara iritsita, Ariznoako zuzengunea jendez beteta egoten dela, lagunak, familiarteko kide batzuk, ezagunak... ere bertan izaten direla, eta jasotzen dituzun animoek azken metroak egiteko sekulako hauspoa ematen dutela.

Emakumeen parte-hartzea gora doa. Aurten, %30 izango da, gutxi gorabehera. Baina nola egin daiteke gehiago anima daitezen?

Ni beti egoten naiz lagun eta ingurukoei animatzeko eskatzen, eta erantzuna beti izaten da: "Nik poliki egingo dut" edo "nik amaitu orduko...". Bakoitzak bere erritmoan egin beharra dauka, poliki izan edo azkar izan. Kirola eginez gozatzea da kontua, eta, lehiatzera joan gabe ere, parte hartzea bera izaten da polita. Gero, etorriko dira, etorri behar badira, bakoitzaren marka hobetzeak edo bakoitzak bere buruarekin izan ditzakeen pike txikiak. Baina egia da kosta egiten dela neskak animatzea.

Iaz, bailarako podiuma egon zen nesketan. Aurtengo, kinielarik?

Uf. Oso zaila da horri erantzutea. Ez dakit ezta zeintzuek hartuko duten parte ere, eta horrela kiniela bat egitea ez da erraza izaten.

Euri artean ibili eta gero entrenatzen, larunbaterako eguraldi hobexeagoa espero da. Zer-nolako eragina izan dezake horrek korrikalarion gorputzetan?

Aldaketa hori beti da hoberako. Azken finean, egoera txar batean aritzetik egoera hobe batean parte hartzera pasatzen zara eta horrek psikologikoko lagundu egiten du. Motibatu egiten zaitu, normalean.

Berriz ere Mikel Crespo Memoriala

Beste behin ere, lasterketari Mikel Crespo Memoriala deitzea erabaki dute aurten ere Antxintxika elkartekoek, eta iaz sortu zituzten Mikel Crespo sariak ematen jarraituko dute, Debagoieneko lehen sailkatuari, bai nesketan eta baita mutiletan ere.

Gainera, aipatzekoa da izen emate bakoitzeko euro bat Aspaceri banatuko zaiola, burmuineko paralisia dutenen alde, eta, azken hiru urteetan bezala, Aspaceko hiru gazte antolakuntzan laguntzen ibiliko direla.

Antxintxikak lasterketa integratzailea izatea nahi du, eta, 14. edizio honetan ere Hand Bikeko parte hartzaileak, patinatzaileak eta korrikalariak egongo dira ibilbidean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak