121 langile ari dira Bergarako Gureak-en lantoki berrian lanean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018ko urr. 24a, 12:36

Gureak-eko ordezkariak Elena Letea alkatearekin, Bergarako planta berrian.

Gureak Taldeak Candy zenaren eraikin guztia bere egin eta dagoeneko planta berria martxan jarri dute. Bertan automozio alorrerako lanean dabiltza, kableen alorrean. Irailean hasi ziren lanean eta dagoeneko 121 langile martxan daude.

Gureak izanik, desgaitasuna duten pertsonei zuzendutako lan aukera egonkorrak sortu eta kudeatzea da Bergarako planta berriaren helburua. Bertan inbertsio teknologiko handia egin da; izan ere, Gureak-entzat oso garrantzitsua da prozesu eta inguruak langileentzat egokitzea.

Planta berrian kableen alorrean 97 pertsona dabiltza lanean; eta horiek egindako zereginak Gureak-ek Bergaran eta beste hainbat herri zein hiritan dituen beste 800 langileri ematen die lana.

Adar honek aurten 220 milioi kable egingo ditu. Eta Gureak-en helburua da 2019an 345 miloi kable egitera heltzea. Astero lau kamioi betetzen dituzte, eta hiru astetan produktua bezeroaren etxera heltzen da.

Horrez gain, Candy zenaren planta berrian beste 24 langilek prototipoak sortzen dihardute. Eta langileak trebatzeko prozesu formatiboa diseinatu dute enpresan bertan, bederatzi hilabetetan zehar teoria eta praktika uztartzen dituena.

Azken belaunaldiko instalazioak

Instalazio "handi, moderno eta argitsuak" dira Bergarakoak; eta Gureak-ek ohi duen moduan langileek autonomia lantzeko eta bermatzeko diseinatuta daude.

Elena Lete alkateak batzarra egin du gaur, eguaztena, Gureak-eko arduradunekin eta enpresaren gaur egungo beharrez zein etorkizuneko handitzean izan ahal diren eskaerez mintzatu dira.

Udalarentzat oso garrantzitsua da Gureak-ek planta berria martxan jarri izana, herriaren garapen ekonomiko eta sozialaren alde beste bultzada esanguratsu bat delako. Era berean, alkateak azpimarratu du gune berri horretan Miguel Altuna Lanbide Heziketa eta Gureak batuta sinergia eta etekin oso emankorrak eman ahal izango direla.

Gureak, Europan erreferente

Gureak enpresa-taldeak desgaitasuna duten pertsonei zuzendutako lan aukera egonkorrak sortu eta kudeatzen ditu. Bere ibilbidean zehar Europan erreferente bihurtu den inklusio soziolaboraleko eredu enpresariala sortu du. Gaur egun 5.950 pertsonek osatzen dute taldea, horietatik %82k desgaitasunen bat dute. Talde sendo eta dibertsifikatua da eta industria, zerbitzu eta marketineko sektoretan lan egiten du, batik bat. Pasa den ekitaldian 240 milioi euro fakturatu zituen eta salmentetatik eratorritako finantzazioa %81koa da. 

Erlazionatuak

Irailean hasiko da Gureak lehengo Candyn lanean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018 uzt 20 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak