Zientziaren 'Leku Historiko' izendatuko dute Bergara urriaren 20an

Eneko Azurmendi 2018ko urr. 10a, 15:49

Pedro Miguel Etxenike DIPCko presidentea, Elena Lete Bergarako alkatea eta Ricardo Diez Muiño DIPCko zuzendaria

Europako Fisika Elkarteak (European Physical Society, EPS) jakinarazi du Zientziaren Leku Historiko izendatuko duela Bergara herria urriaren 20an; Rüdiger Voss EPSko presidentea Bergaran izango da egun horretan, beste hainbat ordezkarirekin batera.

Bergarak Zientziaren Leku Historiko izendapena jasoko du datorren urriaren 20ean Europako Fisika Elkartearen (EPS) eskutik, eta izendapen hori Bergaran bertan egingo dute, ekitaldi instituzional batean. Rüdiger Voss EPSko presidenteak emango dio "sari garrantzitsu" hori Bergara herriari, eta ekitaldian izango dira Urkullu lehendakaria, beste zenbait euskal autoritate eta Europako ordezkari batzuk ere.

Gaur eman zuten horren berri, Donostia International Physics Center ikerketa zentroan egindako prentsaurrekoan (DIPC). Pedro Miguel Etxenike DIPCko presidentea, Elena Lete Bergarako alkatea eta Ricardo Diez Muiño DIPCko zuzendaria izan ziren.

Azaldu dutenez, izendapen hau Juan Jose eta Fausto Elhuyar anaien lanari esker jasoko du Bergarak, wolframioa isolatu zuten lehenak izan baitziren herri horretan –zientzia modernoaren eta teknologiaren aurrerapenean erabakigarria izan zen elementu metaliko berri hau–. Etxenikek azaldu zuenez, "sari nabarmen hau fisikaren bilakaeran funtsezkoak izan diren lekuei ematen die EPSk, gizadiaren aurrerapenean modu erabakigarrian lagundu dutenei".

Bi plaka

Garai hartako jarduera zientifikoa Laboratoriumen eta Bergarako Seminarioan burutu zen, eta, haien balio historikoa aitortzeko, EPSren plaka bat jarriko dute bi eraikinetan. Bergarako alkatearen esanetan, "Bergara Euskal Herriko zientziaren sorgunea izan zen eta Europako ideia berriekin bat egiteko nahia eta adorea izan zuen. Gerora, ondare hori guztia berreskuratzeko egindako lanaren emaitza da Laboratorium museoa. Han dago gure zientzia bilduma eta ateak zabalik ditu".

Duela bi urte, DIPCk proposamen bat aurkeztu zion EPSri, eta, proposamen horretan, wolframaren aurkikuntzan Laboratoriumen eta Bergarako Seminarioaren garrantzi zientifiko eta historikoa azaldu zion. DIPCko presidenteak, Pedro Miguel Etxenikek, eskerrak eman zizkion Elena Lete alkateari, "Bergarako Udalak prozesu osoan zehar eskainitako laguntza baliotsuagatik".

Testuinguru berezia

Bergara 750. urteurrena bizitzen ari den urtean iritsiko da izendapen hau. Hori horrela, urriaren 20ko ospakizun ekitaldia "iraganari aitortza izango da, etorkizunera begira", alkatearen esanetan.

Wolframioa

Elhuyar anaiak, Juan Jose eta Fausto, lehenak izan ziren wolframa isolatzen. Zientzia modernoaren eta teknologiaren aurrerapenean erabakigarria izan zen elementu metaliko berri hau. Wolframa modu arruntean erabiltzen da lanparen filamentuetan eta altzairu berezien fabrikazioan. Material estrategikoa da eta produktu gutiziatuen zerrendan egon da Bigarren Mundu Gerraz geroztik. Adibide gisa, Estatu Batuek sei hilabeteko erreserba nazionalak mantentzen dituzte.

EPS

EPSa 1968an sortu zen eta Europako elkarte zientifiko garrantzitsuenetako bat da. Haren kideen artean Europako 42 fisika elkarte nazional, fisikaren arlo guztietako banakako pertsonak eta Europako ikerketa erakundeak daude, 130.000 pertsona baino gehiago elkartuz. Zientzia erakunde gisa, EPSk fisikaren aurrerapena sustatzen du, Europako fisika komunitatearen interesak babesten ditu eta nazioarteko elkarlana bultzatzen du.

Beste izendapen batzuk

Bergarako Laboratorium-az gain, aurreko urteetan honako hauek lortu dute saria, besteak
beste:
- Institut Curie (Frantzia)
- CERN Synchrocyclotron (Suitza)
- Einstein House, Berna (Suitza)
- Niels Bohr Institute (Danimarka)
- Kamerlingh Onnes Laboratory eta Instituut-Lorentz (Holanda)
- Philips Nat Lab (Holanda)
- Observatori Fabra (Bartzelona)
- Residencia de Estudiantes (Madril)
- Institute for Advanced Study, Princeton (AEB)
- Dublin Institute for Advanced Studies (Irlanda)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak