Jakinekoa da Bergarak zientziarekin eta dibulgazioarekin aspalditik duen lotura. Ilustrazio garaian, XVIII. mendean, Errege seminarioa Espainian zeuden lau unibertsitateetatik bat zen eta gaur egun antolatzen diren Zientzia eta Berrikuntza (ZTB) jardunaldiak dira orduko haria eten ez denaren adierazle garbia.
"Harro diot berrikuntzan eta dibulgazioan lanean irmo jarraitzen dugula", adierazi du Elena Lete alkateak. Duela zortzi urte sortutako Informazio eta Komunikazio Teknologiaren (IKT) astearen –2015ean hartu zuen ZTB izendapena– hasierako helburua zen Debagoieneko enpresen artean berrikuntza teknologikoaren gaineko ezagutza zabaltzea.
Hortik abiatu zen, baina ez zen hor geratu; izan ere, ordutik programak handitzen joan dira, eta parte-hartzaileak zein espezializazioak biderkatzen.
Urtez urte handitzen doa
Aurtengo programa "oso aberatsa" izango dela aurreratu du alkateak: "Gai oso zabalak eta askotariko diziplinak landuko dira. Urtez urte herritarren erantzuna handiagoa da, bai antolakuntzan eta baita parte-hartzeari dagokionez ere; eta gero eta erakunde eta eragile gehiago igo dira itsasontzi honetara".
Hitzaldiak, erakusketak, azoka, formazio ikastaroak, topaketak... askotariko jarduerak izango dira urriaren 15ean hasi eta azaroaren 11n amaituko diren jardunaldietan. "Apaltasunez baina harrotasunez diot emaitzak ikusgarriak direla, eta horren ahaleginean zinez eskertzekoa da bidelagun ditugun hainbat eragile eta erakunde publiko, hezkuntza, ikerkuntza eta bestelako alorretakoak", gaineratu du Letek. Herriko eraikin ezberdinetan egingo dira ekitaldiak: Seminarixoan, Laboratorium museoan, Irizar jauregian, Aroztegi aretoan eta Miguel Altuna Lanbide Heziketan, besteak beste.
Ikastetxeen agendei begira
Laboratorium museoko Rosa Errazkinek dio aurten jardunaldiak aurreratu egin dituztela ikastetxeetako agendei erreparatuta: "Ikasleen partehartzea erraztu gura izan dugu eta espero dugu erantzuna ezin hobea izatea".
Beheko taulan ikus daitekeen egitarauaren barruan bereziki bi ekitaldi nabarmendu ditu Errazkinek: Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleei zuzendutako emakume zientzialariei buruzko lehiaketa eta Miguel Altuna Lanbide Heziketan egingo den azoka.
Horrez gain, ekimenak sona handiko erakundeak, elkarteak eta taldeak saretzeko duen gaitasuna eta www.ztbergara.eus webgunean jardunaldiek emango dutena "zabal eta argi" kontsultatzeko aukera dagoela ere nabarmendu du Errazkinek.
Jarraian, jardunaldietako egitaraua osorik: