Kotoi hondakinak, askotariko burni pusketak eta batez ere plastikoa erretiratu dituzte errekatik, Bergaran

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko urr. 6a, 15:50

Lauzpabost laguneko bederatzi talde aritu dira garbiketa lanetan 08:00etan hasita. Azken urteetan errekaren egoerak hobera egin du, baina begi bistan ez badago ere oraindik zikinkeria asko dagoela adierazi dute.

Goizean goizetik katiuskak edo botak ipini eta erreka bazterrean aritu dira lanean hainbat bergarar. Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi Lander Arregiren esanetan bederatzi taldetan banatuta erreka bazterreko hainbat eremutan aritu dira hondakinak ateratzen. "Landaretza handi dago aurten eta zaila da zenbait eremutara iristea, baina hondakina beti ateratzen da. Ikusten ez bada ere zikinkeria asko dago estalita".

Labegaraieta inguruan bertako bizilagun talde bat aritu da lanean. Bizpahiru familia guraso eta seme-alabak tarteko. "Kotoi asko atera dugu. Lurra apur bat harrotu eta berehala ateratzen da. Seme-alabekin etorri gara. Uste dugu garrantzitsua dela ingurua zaindu behar dela ikastea", azaldu du gurasoetako batek.

Ez da txantxetako lana izan. Labegaraietako zubi azpiko eremu txiki batean sei bat poltsa bete dituzte. Zikinak poltsetan jaso eta horiek Udalak ipinitako kamioira eraman behar izan dituzte.

"Egia da aurten aurrekoetan baino jende gutxiago gerturatu dela erreka garbitzera. Familiak dira gehienbat etortzen direnak. Ingurumenaren zaintzarekin sentsibilizatuta seme-alabekin etortzen dira kontzientziazio lan hori egiteko", adierazi du Arregi zinegotziak.

Herritarrei ingurunea zaintzeko eta hondakinak edonora ez botatzeko eskatu diete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak