Uda osoa pasatzen itxoiteak merezi zan du. San Pedro egunak saihestu zuen eta San Migel bezperak ekarri du. 350 herritar agertokian eta beste mila ikus-entzuten, San Martin plaza paregabean.
Lau zati nagusi izan ditu bi orduko ikuskizunak. Sarrera soil bezain dotore eta solemnez apainduta: Ikurrin dantza, berriki berreskuratutako Xamatz dantza taldearekin, eta Txistulari talde zein Musika Eskolako dantza taldearekin.
Musika Bandak ireki du kontzertua. Jakina, Bidekurutzetatik behera, kalejiran etorrita. Ohiko bihurtu da estanpa. Errepertorio klasikoa aukeratu du Alfredo Gonzalez Chirlaquek, haren aurreko maisuei keinu eginez.
Orkestra Sinfonikoak eta Aitzol Mujika abeslariak euskal kantagintza herrikoi garaikideko hiru izen handienak ekarri dituzte plazara, une hunkigarriak sorraraziz; Lertxundi, Lete eta Laboaren arrakastatsuenak; Baga, Biga, Higa-n, Edu Muruamendiarazekin, atzean karrera sendoa duenaren dotoreziaz.
Urdin eta berde
Herri-giroa eta bergararrek bereziki maite duten festa handia, uda berde-urdin dela: San Martzialeko erromeria. Horixe izan da hirugarren zati nagusiaren leitmotiv-a. Banda eta Orkestra herriko abesbatzekin batera. Eta txistulari, trikitilari, dultzaineroak, kalean behera, plazaraino. Erraldoien Konpartsa ere bertan.
Migel Gonzalez Bastidak konposatu zuen San Martzial Estanpa entzutetsuaren moldaketa, semeak egindako bertsio sinfoniko-koralaren estreinaldia, Maddi Iñarrak idatzitako letrekin. Mardula eta ederra izan da, zati labur eta dinamikoekin, bata bestearen atzetik: Manex Alberdi dantzari gazte-handiaren aurreskua; honen eta Saioa Vivancoren maitasun-dantza; Aitor Garitanoren eta Argiñe Agirrezabalen ahots bikain eta zuhurrak…
750 urte irudiz eta musikaz
Eta, hala heldu gara hirugarren zatira: Banda eta Orkestra batera, Orfeoiaren, Aritzetaren, Orfeoi Gaztearen eta Musika Eskolako Haurren Abesbatzaren laguntzarekin. Kontzertuko unerik magiko eta politenetakora: udaletxeko fatxadako horman proiektutako irudiekin, Bergararen 750 urteei errepasoa eginez, hezkuntzan, kulturan, gizarte zein politika alorrean, ekonomian… mugarri izan diren gertaerak erakutsiz, zuzeneko soinu-banda bikainaren laguntzarekin. Trena herrira heldu zenekoa eta Espainiako Gerrak utzitakoak -hegazkin faxisten hegaldiak- irudikatzeko efektu bereziak, ikusgarriak.
Nabarmentzea merezi du Telmo Aierbe tiplearen lana, ahots samur horrekin eta musikarien laguntzarekin. Gaueko unerik zirraragarrienetakoa.
Ereserkia amaitzeko
Bergarako ereserkia-k eman dio amaiera, zela ez!. Horretarako, San Joxepe abesbatza eta Koru parrokiala ere agertokian.
Bergarartasuna, musika, dotorezia eta klasikotasuna nabarmen. Plazan batutakoak zutik, Alfredo Gonzalez Chirlaquek konposatu eta Juan Martin Elexpuruk idatzitako ereserkia abesteko.
Zorionak oholtzara igo diren guztiei, lan bikainagatik, eta ezkutuko lanetan aritu direnei; Alfredo Gonzalez Chirlaqueri, eta, bereziki, Valen Moñuxi, halako muntaietan murgiltzeko daukan abilezia, maisutasun eta ausardiagatik.