Bi orkestrarekin parte hartzeko aukeratua izan zara. Nolatan?
Bai; egiten nabilen ikasketetan, ohikoa da orkestretarako audizioak egitea. Egin nituen orkestra hauetan parte hartzeko probak, eta aukeratua izan naiz.
Nolakoa izango da zure uda?
Orain, Florentzian nago, nazioarteko ikastaro bat egiten. Amaitutakoan, Amsterdamera itzuliko naiz eta hango orkestrarekin kontzentrazio estiloko bat egingo dugu. Astebetez egunero entseatuko dugu eta ondoren hainbat kontzertu eskainiko ditugu. Abuztuaren 15etik irailaren 15era bitartean Suitzan izango naiz. Lucernakoan proiektu ezberdinak izango dira: proiektu bakoitzak bere zuzendaria izango du eta proiektu bakoitzarekin kontzertuak eskainiko ditugu. Lucernako orkestrarekin egongo gara Hanburgon, Parisen eta Berlinen.
Esan behar da musika estilo ezberdinak direla bi orkestra horienak.
Bai; Herbehereetako orkestraren errepertorioa tradizionala dela esan daiteke. Jotzen dugu XIX. eta XX. mende hasierako errepertorio erromantikoa. Lucernako orkestra, berriz, errepertorio modernoan espezializatuta dago: XX. mendeko piezak eta gaur egun sortzen direnak jotzen ditugu.
Nolakoak dira entseguak, kontuan hartuta bi zuzendari ezberdin direla?
Lan egiteko modu ezberdinak dituzte. Herbehereetan zuzendari bakarra dugu, eta errepertorio tradizionala entseatuko dugu. Lucernan, aldiz, hiru zuzendari izango ditugu, proiektu bakoitzean bat. Horrez gain, Londresko Orkestra Sinfonikoko zuzendaria ere etorriko da, eurekin batera eskainiko dugu-eta kontzertu bat. Lan egiteko metodo ezberdinak dira, eta, gainera, Herbehereetako orkestran, batez ere, Europako musikariak daude eta Lucernakoan, mundu osokoak.
Amsterdamen diharduzu; goi mailako ikasketak egiten?
Donostiako Kontserbatorioan erdi mailako ikasketak egin ondoren, 2015ean hainbat proba egin nituen eta Amsterdameko kontserbatorioan ikasteko aukeratua izan nintzen. Goi mailako gradua egiten nabil, hiru ikasturte egin ditut eta azkena geratzen zait.
Ondoren, zer?
Master bat egin gurako nuke. Gustatuko litzaidake Suitzara joatea, Zurichera. Hortaz, datorren ikasturtean tokatuko zait helburu hori lortzeko lan egitea.
Zer da musika, zuretako?
Bakoitzak bere kontzeptua izan dezake, baina, niretzako, musika da bizitza ikusteko modu bat eta bizi izateko modu bat.
Zuen ama zein den kontuan hartuta, ezinbestekoa zen musikaria izatea?
Bai; ama musikara dedikatzen da eta beti izan dugu hor, txikitatik ibili da guri musika potentziatzen. Gainera, beti ikusi izan dugu etxean kantuan edo instrumenturen bat jotzen. Animatu egin gaitu musika ikastera. Beti egon izan da gure etxean musika.
Biolina, gitarra, tuba... zenbat instrumentu jotzen dituzu?
Musikaria izanda, ez da zaila beste instrumentu batzuk jotzea. 3 urterekin biolina ikasten hasi nintzen, 7rekin tuba, pianoa eta gitarra ikasi nuen... eta abestu ere egiten dut.
Andoni does Rock n' Roll atalean dituzu zure bideoak.
Bai, abesten edo gitarra jotzen egiten ditudan bideoak igotzen ditut Youtubera. Pop eta rock abestiak izaten dira.