Estilo bertsua
Erakusketa egin ahal izateko, zeramika elkarteak deia egin zuen 40 urte hauetan taldean ibili direnen artean. Ekainaren 24ra arteko epea zuten piezak aurkezteko. "Jende askok dagoeneko ez ditu piezarik etxean, eman egin dituztelako edo...", dio Orgazek. "Elkartu garenen artean, pieza bat edo bi ekarri ditugu", dio. Orgazek nabarmendu du estilo aldetik ez dagoela alde handirik: "Kuriosoa da, baina orain dela urte batzuetako piezek eta gaur egungo piezen artean ez dago alde handirik".
"Ilusioz" beteta daude
"Gustura gaude erakusketarako elkartu ditugun pieza kopuruarekin", azaldu du Orgazek. "Ilusio guztiarekin hasi ginen erakusketa antolatzen", gaineratu du. Horrelako urteurren bat horrela ospatzea garrantzitsua dela dio; batez ere, atzera begiratua egin, eta jendea elkartzeko balio duelako. "Gainera, taldea utzi duten batzuen artean grina piztu daiteke", dio Orgazek.
Helburua garrantzitsuena elkartea ezagutzera ematea dela dio. Erakusketa uztailaren 29ra arte, domeka, egongo da zabalik. Aroztegiko ordutegia da: martitzenetik barikura, 18:00etatik 20:30era; zapatutan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era; eta, domeka eta jai egunetan, 12:00etatik 14:00etara.
Elkartearen ibilbidea
Orain dela 40 urte hasi zuen ibilbidea zeramika elkarteak, Carmen Montoyak proposatuta. Mariaren Lagundiak utzitako gela baten hasi zuten jarduna, Catalina de Erauso Donostiako arte elkartearen laguntzarekin.
Ondoren, gaur egun Zabalotegiko etxe orratzean duten lokala utzi zien Udalak. Elkartea 1978an sortu zuten ofizialki –nahiz eta jarduna lehenagotik etorri–. Lehenengo Simon Arrieta izena jarri zioten eta orain 15 urte ezkero Buztinzale da elkartearen izena.