Pintzelarekin abila zen abadea

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2018ko uzt. 13a, 18:17

Moises Egurenek egindako autorretratua. Aegazkia: Beart

Moises Eguren zenaren artelanak biltzen ari da Beart elkartea, datorren urtean haren obraren katalogazioa argitaratzeko eta herriko Aroztegi aretoan erakusketa egiteko; "margolari kolorista eta berritzailea zen, eta marrazkilari moduan ere aparta".

Santa Marina parrokiako abadea zen Moises Eguren (Bergara, 1927-1976), Don Moises izenez ezagutzen zutena Bergaran. "Gizon xarmagarria eta langilea zela" diote ezagutu zutenek, "beti laguntzeko prest zegoena, eta oso maitatua zena herrian". Oso gazte hil zen, bat-bateko gaixotasun baten ondorioz.

Elizgizonaren profilaz gainera, bazuen herritar askorentzako ezezaguna zen beste alderdi bat: marrazkilaria eta margolaria zen. Artearekiko, bereziki, pinturarekiko pasioa zuela diote haren gertukoek. Haren obra bildu eta katalogoa egiteko asmoa du, orain, Beart-ek, Bergarako margo taldeak.

Aholku-emaile aparta

17 urte inguruko gazteak zirela ezagutu zuten Moises Eguren garai hartan herriko margo taldearen lokalera ikastera joaten ziren Xabier Agirrek eta Jose Luis Azkaratek, eta miresmenez egiten dute berba Egurenen inguruan: “Franco hil baino lehenago, herri askotan moduan, Bergaran ere kultura eta beste lako herri mugimenduetako elkarteak osatzen hasi ziren, eta bazegoen lokal bat non herriko margolari ezagunek gu moduko gazteei pintura irakasten zieten. Simon Arrieta, Migel Okina, Fernando Azkargorta eta Moises Eguren zeuden, horien artean. Don Moises-ekin harreman berezia genuen, arte kontuetan nahiko modernoa zelako. Simon Arrietaren gidaritzapean egin zituen pinturan lehen urratsak, baina gauza berriak ikasteko kuriositate handia zuen eta arte garaikidearen barruan, bereziki, pintura arloan, sortzen ari ziren mugimendu eta artista berriak adi-adi jarraitzen zituen. Txunditu egiten gintuzten hark egiten zituen margolanek eta marrazkiek; oso apurtzailea eta berritzailea zen. Zekiena gurekin partekatzeko prest izaten zen beti; pertsona oso atsegina eta gozoa zen arren, arte kontuetan oso zorrotza zen eta ez zuen zalantzarik izaten gure lanetan akatsak ikusten zituenean esateko, eta horiek zuzentzen laguntzeko. Marrazkigile aparta zen, eta, gure irakaslea ez bazen ere, Madrilgo akademietan ondo ikasita zuen metodoa gurekin praktikatzen zuen. Garai hartan, Azkarate eta biok Unibertsitateko ikasketak hastekotan ginen, Arte Ederrak ikasi nahi nituen nik, eta Arkitektura Azkaratek. Don Moises-en marrazketa aholkuek asko lagundu ziguten fakultaterako sarrera-azterketa gainditzeko".

Kolorista eta berritzailea

Pintura arloan figurazioaren arloan egiten zuen lan: "Errealitatea irudikatu nahian, baina zehaztasunak sinplifikatuz, hau da, forma aldetik sintesi bat eginez. Pintzelkada indartsua eta zabala zuen, detaile txikietan sartu gabe espresibitatea landuz", azaldu du Agirrek, eta zera gaineratu du Jose Luis Azkaratek: "Oso kolorista zen, koloreen bitartez lortzen zuen kontrastea ere bere lanen ezaugarria zen. Kolore biziekin jokatzen zuen sarritan. Kolore gama bereziak erabiltzen zituen. Bergaran pintore kolorista asko izan dira, baina, belaunaldi hartan, koloreetan arrisku handienak Don Moises-ek hartzen zituen". Marrazkigintzari dagokionez, izugarrizko indarra eta sintesiak egiteko sekulako gaitasuna zuela azpimarratzen dute haren jarraitzaileek. "Mihisean margotzen hasi aurretik ondo lantzen zuen aurrez irudia, buruan zuen ideiaren eskema paperean marrazten eta lantzen zuen lehenengo; hori, guretako, gauza berria zen".

Merezitako aitortza egin guran

Goi mailako artista bazen ere, herrian gutxik dute horren berri, eta horregatik hasi ziren, urte hasieran, Xabier Agirre, Jose Luis Azkarate eta Antton Arrillaga orain dela 42 urte hil zen abade-margolariaren obraren katalogoa egiteko asmoarekin. "Margolanak lokalizatzea zen lehenengo pausoa, eta, komunikabideen bitartez zabaldu genuen deialdiari erantzunez, 80 margolan inguru aurkitu ditugu. Bergarako etxeetan daude horiek guztiak; askotarikoak daude, 20 urtean, gutxi gorabehera, egindakoak dira: oliozko paisaiak, erretratuak, arkatzezko eta ikatzezko marrazkiak... eta, bitxikeria moduan, erabiltzen zuen margo-paleta ere aurkitu dugu". Oraindik ere gehiago izango direlakoan daude; horregatik, Egurenen piezarik izanez gero, ekimenaren eragileekin harremanetan jartzeko proposatu dute –Jose Luis Azkarate: 609 48 99 67, jlazkarate1@gmail.com; Xabier Agirre: 615 79 72 62, xabier.agirre@ehu.eus, edo Anton Arrillaga: 646 90 68 85, a.arrillaga@telefonica.net–.

iezak lokalizatuta, orain, katalogazioa egikaritzeko hurrengo pausoak emango dituztela azaldu dute: "Beart taldearen izenean gauzatuko dugu aurrerantzean ekimena. Ez genekien zer aurkituko genuen eta omenaldi xume bat egiteko aukera ikusten dugu orain. Katalogoa osatzeko, argazkilari batekin pieza guztiei fundamentuzko argazkiak ateratzen hasteko asmoa dugu; era berean, Udalarekin eta bestelako erakundeen laguntzarekin finantziazio bideak bilatzen saiatuko gara. Gure asmoa Moises Egureni eta haren obrari bere jaioterrian omenaldi duin eta xumea egitea da".

2019an, erakusketa

Obra osoaren –edo zati handi baten– katalogazioa egiteaz gainera, aurkitu dituzten margolanen artean aukeraketa eginda, datorren urtean herriko Aroztegi aretoan erakusketa egitea ere bada Beart-eko kideen asmoa, eta, horiek gauzatzeko, herritarren laguntza eskertuko dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak