Omenaldi "oso hunkigarria" jaso du Bergarako Bandak Iruñean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018ko uzt. 12a, 14:59

Patrizia Gonzalez Gutierrez berbetan Iruñeko udaletxean, eskertza ekitaldiaren amaieran.

Bergarako Bandari omenaldia egin dio gaur, uztailak 12, 2019an 100 urte beteko dituen Iruñeko Pamplonesak, bandaren sorrerarako ezinbestekoa izan zen 1918an egindako lehiaketa bateko bergararren ekarpena eskertzeko: "Oso hunkigarria izan da", adierazi du Alfredo Gonzalez Chirlaquek.

"Oso hunkigarria" izan da, Bergarako Bandako zuzendari Alfredo Gonzalez Chirlaqueren eta haren alaba Patrizia Gonzalez Gutierrezen arabera, gaur eguerdian Iruñeko udaletxean jaso duten omenaldia. "Oso polita eta hunkigarria izan da. Oso eskertuta gaude Pamplonesari gonbidapenagatik; ekitaldiaren amaierarako utzi dute Bergarako Bandari esker ona adierazteko tartea eta itzela izan da goraino beteta zegoen aretoan berba egitea. Aitak esan dit asko hunkitu dela eta hori entzuteak ni hunkitu nau", esan du, ekitaldia bukatu berri, Patrizia Gonzalezek.

Argazkia: Patrizia Gonzalez, Pamplonesako zuzendari Vicente Egea eta Alfredo Gonzalez.

Pamplonesa sortzeko bultzada

2019an 100 urte beteko dituen Pamplonesak –Iruñeko Udal Banda– 1832an sortutako Bergarako Banda omendu gura izan zuen, beste hamaika bandarekin batera. 1918an Iruñeko Banda Munizipala sortu nahi zutenek banden lehiaketa bat antolatu zuten, Gran Concurso de Bandas Civiles de Pamplona izenarekin.

Hamabi bandak hartu zuten parte: Gernika, Portugalete, Galdakao, Irun, Errenteria, Tolosa, Elizondo, Zangoza, Elizondo, Cintruenigo, Doneztebe eta Bergara.

Lehiaketa hari esker, urtebetera, 1919an, Iruñeko Banda Munizipala, gerora iruindarren artean Pamplonesa moduan ezaguna dena, jaio zen.

Partitura originala Bergaran

Hainbat kategoria zeuden eta Bergarako Bandak –orduan Udal Banda zen– lehen kategorian hartu zuen parte eta bi sari jaso zituzten. Bergararrek interpretatu zituzten piezak honako hauek izan ziren: Julio Gomezen Suite en La –orduko partitura originala Bergaran dute gordeta gaur egun–, lehiaketak derrigortuta; eta Txaikovskiren Obertura 1812, bergararrek eurek aukeratutako pieza.

Argazkia: Bergarako Bandako ordezkaritza gaur udaletxe aurrean: Igor Larrañaga, Enrike Txurruka, Patrizia Gonzalez eta Alfredo Gonzalez.

Lau belaunaldi

Bergarako Bandak sari bikoitza jaso zuen lehen mailako kategorian, eta, horrez gain, Pamplonesakoei deigarria iruditu zitzaien gaur egungo zuzendariaren aitona izan zela 1918ko lehiaketa hartan Bergarako Banda zuzendu zuena. "Nire aitonak, Ignacio Gonzalez Escalak, zuzendu zuen banda lehiaketa hartan eta ondoren nire aita izan zen zuzendaria, Miguel Gonzalez Bastida. Aitaren ondoren nik hartu nuen erreleboa eta Pamplonesakoek eskatu zidaten bandako musikari den nire alaba Patrizia ere ekitaldian egotea. Laugarren belaunaldiak ere presentzia izatea gura zuten", dio Alfredo Gonzalez Chirlaquek.

Egungo zuzendariaren alabak, era berean, lehenengoz Bergararako Bandan jo zueneko egunaz akordatu da egunotan: "Niretzat, oso berezia izan zen lehen kontzertuan aitona zuzendaria izatea, 80 urte zituela. Oso-oso berezia izan zen. Liluratuta nauka Bandaren historiak. Eta horrek indarra eman behar digu egungo kideok ere Banda luzaroan osasuntsu mantentzeko".

2019ko ekainean Pamplonesaren mendeurrena ospatzeko ekitaldietan ere presente egongo da Bergarako Banda. "Iruindarrak oso eskertuta daude, orain dela 100 urte eredu izan ginelako; gu ere eskertuta, gutaz oroitzen direlako. Guretzat, plazera da hor egotea", dio Gonzalez Chirlaquek.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak