Pedro Luis Ormazabalen margolanak, Aroztegin

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2018ko uzt. 6a, 15:14

Pedro Luis Ormazabal margolaria, Aroztegi aretoko erakusketan.

Argazkigintzatik abstrakziora erakusketa du eskarmentu handiko argazkilari eta margolariak uztailaren 15era bitartean jaioterrian ikusgai; formatu handiko margolanak eta Polaroid Transfer teknikarekin egindako askotariko lan bitxiak batu ditu bilduman.

Argazkilaria izan da ogibidez Pedro Luis Ormazabal eta aspalditik du margotzeko zaletasuna; bi diziplinak batuta sortu ditu uztailaren 15era bitartean Aroztegi aretoan ikusgai dituen lanak. Lehenengo aldiz erakutsi ditu pintura artelanak herrian, eta, horregatik, pozik eta harro dagoela dio: " Bergarak pintura kultura handia dauka eta margo eskola oso aberatsa ere bai. Horregatik, oso harro eta pozik nago nire lanak erakusteko aukera dudalako".

Hainbat erakundetan egin du bere obrekin lan Ormazabalek. Erreportajean eta erretratuan espezializatua da, eta herrialde batzuetan zehar ibilitakoa ere bai: Europan, Afrikan eta Ipar eta Hego Amerikan.

Askotariko teknikak eta irudiak

Aretoan sartu orduko, tamaina handian margotutako Jesukristoren irudia dago, Polaroid Transfer teknikarekin egindakoa. "AEBetan hasi nintzen formatu txikian teknika hori erabiltzen, eta, geroago, formatu handiko aparatua erosi nuen. Teknika hori azaltzeko, esan, polaroid plaka zabaltzen denean eta emultsioa bustita dagoenean, eskuz egindako paper batekin egiten dela. Paper berezia da eta testura ona dauka piktorikoki emultsioa paper horretara eramateko", dio Ormazabalek, eta zera gaineratu: "Paper horiek, gero, josi egin ditut, eta liburu formatuan ekarri ditut Aroztegira. Niretzako, garrantzitsua zen lan horiek erakustea, teknika hori ez delako sarritan erabiltzen eta oso lan prozesu luzea dutelako". Teknika horrekin egindakoez gain, tamaina handiko margolanak ere batu ditu Bergarako bilduman: oliozkoak eta akrilikoak. "Denetarik daude: Euskal Herriko folklorearekin lotutakoak, Indiako irudiak dituztenak, AEBetakoak ere bai. Nahasketa hori aproposa da erakusteko munduan zehar ari zarenean barruan daramazuna".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak