Urteurrena ospatzeko antolatu diren ekimenetako bat zen pintxo bat asmatzea. Herriko hainbat gastronomia elkartek hartu zuten parte eta Madurako kideek egindakoak irabazi zuen 'Tranpantojua' izeneko pintxoarekin.
Aste honetan herriko pintxo-pote ezberdinetan eskaini dituzte tabernariek. Gaur, egubakoitza, adibidez, Matxiategin egindakoan ere bai. Kayak tabernako Daniel Encaboren esanetan herritarren gustukoa izan da. "Atzo, eguena, ere jarri genuen tabernako barran, jendeak probatzeko eta jateko, eta arrakasta izan zuen. Gaur, egubakoitza, potearekin batera ari gara ateratzen, pintxo-potearen barruan, eta jendeari gustatu zaiola ikusi dugu", gaineratu du.
Pintxoa txanpiñoiak eta saltsa berezi batek osatzen dute, baina Bergaran hain ezagunak diren erreilenoa eta tostoia irudikatzen ditu. Batzuk taberna barruan dastatu dituzte baina eguraldia lagun kanpoko terrazako mahaiak bete egin dira iluntzean eta zerbitzariek kanporaino atera dizkiete pintxoak.