Beart-ekoen margolanak Baionan daude ikusgai

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2018ko eka. 29a, 14:39
Beart elkarteko kideak eta lagunak baionako erakusketaren inaugurazioan. Argazkia: Beart

Baiona Ttipian dagoen Des Corsaries galerian Bergarako margolarien elkarteko 23 artistek egindako lanen bilduma uztailaren 7ra arte ikus daiteke; trukean, Bergarako Aroztegi aretoan erakusketa egingo dute, irailean, Baionako margo taldekoek.

Bergarako margolarien elkarteko kide askok dute ohitura Euskal Herriko txoko ezberdinetan egiten dituzten Sketchcrawl ekimenetan parte hartzeko –kaleko marrazketa topaketa–. Orain dela hiru urte, Baionan egin zuten ekitaldira joan ziren Bergarakoak, eta Beart-eko presidente Karlos Galarragak dio han sortu zela bi margo taldeen arteko elkarlana. "Batak bestearen herrian erakusketak egiteko aukerak aztertzen hasi ginen, eta honako hau dagoeneko hirugarrena da".

Margolariek kudeatutako aretoa

Bergarakoen moduan, Baionako margolariek ere Udalaren laguntza dute euren jardunerako. "Kasu bietan, Udalak utzitakoak dira elkarteen egoitzak, baina funtzionamendua ez da bera; hau da, gurea margotzeko edo lanerako txokoa da eta eurena, berriz, erakusketa aretoa da. Hortaz, Baionako margolariek kudeatzen duten galeria da Des Corsaries, eta ez galeria komertziala; arratsaldeetan izaten da zabalik. Alde zaharreko etxe zahar batean dago, AEK euskaltegiaren ondoan. Areto txukuna eta atsegina da, beirate handi bat du, argiztapen ona du".

23 lan: askotarikoak

Ekainaren 16an zabaldu zuten erakusketa eta uztailaren 7ra bitartean izango da dira Bergarakoen lanak ikusgai. "Teknikari dagokionez, askotarikoak daude: akuarelak, olioak eta akrilikoak dira gehienak; baina badaude hiru dimentsioko hainbat artelan ere. Irudiei dagokienez ere, askotariko estilokoak daude: abstraktuak, erretratuak eta paisaiak. Azken horietan, txoko asko daude margotuta: Bergarakoak, gehienbat, baina badira Baionakoak ere".

Inauguraziora Bergarako lagun talde bat joan zen, eta "egun pasa ederra egin zuten mugaren bi aldeetako margo taldekoek"; harrezkero, sare sozialen bitartez ari dira erakusketaren ibilbidea jarraitzen. "Astean hirutan, margolanen argazkiak igotzen dituzte Facebook kontura; eta erakusketa harrera ona izaten ari dela kontatu digute. Uztailaren 7an beste egun-pasa bat egingo dugu elkarrekin, eta orduan zehaztuko ditugu irailean Aroztegi aretoan egingo duten erakusketaren gainerakoak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak