Udal Gobernua: "Ezin da onartu udal langileen profesionaltasuna kolokan jartzea"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018ko eka. 27a, 20:28

Asteleheneko osoko bilkuran, Aiert Lizarralde (Irabazi) eta Lander Arregi (EAJ) eztabaida bizian.

Bergarako Udal Gobernuaren arabera, "oso larriak" dira asteleheneko osoko bilkuran Irabaziko zinegotzi Aiert Lizarraldek udal idazkariaren eta gobernuaren beraren kontra egindako salaketak. Ohar bidez adierazi dute, besteak beste, ezin dela zalantzan jarri udal langileen profesionaltasuna: "Gobernuak oso argi dauka, gobernuak berak bezala, udal langileek ere zuzen eta zintzo jokatzen dutela".

Jarraian, Udal Gobernuaren oharra osorik:

"Udal Gobernuak oso larritzat hartzen ditu aste honetako osoko bilkuran Irabazi taldeko zinegotziak, Aiert Lizarraldek, udal idazkariaren eta Udal Gobernuaren kontra egindako salaketak.

Osoko bilkuran txakur kaken inguruko mozioa aurkeztu zuen Irabazik, baina Irabazik berak erretiratu zuen, gaiarekin lotuta idazkariak landutako txostena ikusita.

Mozio horretan Irabazik eskatzen zuen, besteak beste, udalerriko txakurren DNAren informazioa jaso ahal izatea; eta Udal idazkariak egindako txostenean argitzen da Udalak ez duela horretarako eskumenik; Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Arrantza Sailari dagokiola.

Nahiz eta mozioa erretiratu, gai hori berbagai zuten osoko bilkurako une luze batean, Irabazi-ko zinegotziak udal idazkariari leporatu zion txosten hori “eskasa” zela, Irabaziri txosten horrek  “balio ez” diola eta Udal idazkariak txostena “behartuta egin” zuela.  Horrez guztiaz gain, Udal Gobernuari leporatu zion “gezurretan”, “ihesi” eta gai hau “maneiatzen” ibili izana; eta bukatzeko Irabazi Taldeak gaia landuta zeukala eta aurkako txostena aurkeztuko zuela.

Horren aurrean, Udal Gobernuak jakitera eman nahi du salaketa horiek egitea ekintza oso larria dela, Bergarako udal pleno aretoan inoiz ez direla entzun hain hitz larriak erakundearen jardunaren zuzentasunaren aurka eta horregatik irmo adierazten du:
-Ezin duela onartu udal langileen profesionaltasuna eta Udal Gobernuaren jarrera egokia kolokan jarri izana.
-Udal Gobernuak oso argi duela, berak bezala, udal langileek ere zuzen eta zintzo jokatzen dutela.
-Udal Gobernuak zintzo eta zuzen betetzen duela indarrean dagoen legeria; eta horregatik behar diren txosten tekniko guztiak jasotzen eta jarraitzen dituela; noski, ez du horiengandik  “ihes egiten”.
- Udal Gobernuak bere ekintzetan uztartzen ditu legeak ezartzen dituen baldintzak eta horretarako, noski, ez ditu “maneiatzen” arlo teknikoak luzatzen dituen txostenak".

Erlazionatuak

Eztabaida beroa txakur kaken harira

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018 eka 26 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak