Arnasari eutsi, arrainen gisara, urpean ibiltzeko

Miren Arregi Amasorrain 2018ko eka. 16a, 08:00

Apnea egiteko gaitasuna duten pertsona horietako bat da Nerea Lazpiur bergararra. Berezkoa du arnasari denbora luzez eusteko gaitasuna, baina duela urte bete teknika ikasteko ikastaroa egin zuen. Lasaitasuna eta kontzentrazioa ezinbestekoak direla, dio.

Arnasari eutsiz denbora luzez egotea naturaren kontra egitea bada ere, ez da ezinezkoa. Gure
gogoz arnasa hartzeari utz diezaiokegu, denbora batez, behinik behin. Apnea izeneko kirol diziplinan lantzen dute hori. Kontzentrazioa, erlaxazioa, arnasketa zein lasaitasuna kontrolatzea ezinbestekoak dira apnea kirola egiterakoan.

Nerea Lazpiur bergararrak 4 minutu eta 40 segundo eman zituen arnasa hartu barik apnea kirol diziplina praktikan ipini zuen lehen aldian. Berezkoa du arnasari denbora luzez eusteko gaitasuna. Horri gehitzen badiogu igerilaria izandakoa dela, emaitza, ezin hobea da.

Urpean igeri egitea gustuko

Beti gustatu izan zaio Lazpiurri ura. Harentzat ez da ingurune etsaia, alderantziz, lasai eta gustura dago ur azpian dagoenean. "Niretzat ur azpian igeri egitea gozamena da. Oporretan beti aukeratu izan ditut koralezko arrezifeak, arrainak, ur azpiko munduaz gozatu ahal izateko tokiak eta urpean igeri egin dut,
beti modu naturalean". Beti jakin izan du bazuela arnasari denbora luzez eusteko gaitasuna eta horri azalpen bat eman guran, apnea ikastaro bat egin zuen duela urtebete Miguel Lozano apnea egiten duen profesionalarekin. "Naturalki egiteko gai nintzen horri azalpena eman nion, teknika ikasi eta zein arrisku dituen ezagutu, arrisku une horretatik nola ateratzen ikasi eta abar".

Bereziki ur-azpirako erabiltzen du Lazpiurrek apnea eta hainbat modalitate praktikatu izan ditu urte honetan. Pisu konstantea hegalekin; pisu konstantea hegal barik, pisu aldakorra... Baina bergararrari gehien gustatzen zaiona norbere kabuz hegalekin jaitsi eta igotzeko modalitatea da. Egipton, Itsaso Gorrian egin izan du, besteak beste, apnea eta beti disfrutatzen du egiten ari denean. Ez du inoiz arazorik
izan, kirolak arriskuak eduki, badituen arren.

Apnearen arriskuak

Izan ere, apnea muturreko kirola da. Teknika kontrolatzea eta gorputzaren erreakzioen jakitun izatea oso garrantzitsua. Ur azpian sartu eta hamar metro behera egiten dituzun momentutik aurrera, gorputza neutro gelditzen da. Hortik aurrera, erorketa askea gertatzen da. "Apnean zaudenean begiak itxita zoaz, eta arazoa da konpentsazioa. Biriketatik belarrietara haizea pasatu behar dela, tinpanoak lehertu ez daitezen". Izan ere, zenbat eta sakonago joan, orduan eta handiagoa da gorputzak gainean duen ur-blokea; karga handiagoa jasan behar du eta presioa handia da. "Oso behean zaudenean, konpentsazio hori egitea oso nekeza da. Ahoan ez dago haizerik eta biriketatik konduktuetara sartu behar da haize hori. Biriketatik ateratzeko, teknika ikasi egin behar da". Une horretan gauzak gaizki egiteak tinpanoa zulatzea ekar dezake. Hori bakarrik ez, apnea egiten duenak oso ondo kalkulatu behar izaten baitu, besteak beste, gorako bidean behar izango duen haize eta energia kopurua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak