Barikuan, ekainaren 8an zabalduko dute Agorrosingo kanpoko igerilekua. 10:00etatik 20:30era egongo da zabalik, aste barruan. Kirol instalazioen ordutegia, aldiz, 06:30etik 21:30era izango da.
Aurtengo berrikuntza da ihinztagailuak jarri dituztela berdegunean, dutxak dauden tokian. Modu horretan, txikienek jolaserako eremua izango dute, eta era berean bero handia egiten duen egunetan freskatzeko balioko du guneak. Horren guztiaren berri eman du Iñaki Ugarteburu Bergarako kirol teknikari buruak.
Ur jolasen gunea
Ur txorroten proiektuari dagokionez, Elena Lete alkateak esan du proiektuarekin lanean dihardutela. Ur jolasak edo ur txorrotak jarriko dituzte Agorrosingo berdegunean, institutuaren aldamenean. "Arrazoiak dira aisialdirako ur gunea leku berean zentralizatzea, segurtasuna bermatzea, igerilekutik irisgarriagoa izatea eta ura hara eramateko zailtasun gutxiago izatea", dio alkateak.
Ur txorroten eremuak 150 metro koadro hartuko ditu, eta Imara enpresarekin dabiltza gunea hornitzeko aukerak aztertzen: "Umeek aukeratuko dute ze jolas jarri nahi duten. Horretarako, udaleku irekitan bi saioa egingo dira ze jolasekin hornitu erabakitzeko", gaineratu du.
Obrak neguan egitea da asmoa
160.000 euro inguruko aurrekontua dauka proiektuak. Asmoa da udaran obren esleipena egitea eta neguan obrekin hastea. 2019ko udarako jolas eremua prest izatea gura dute.