Gerraren industria salatzeko elkarretaratzea egin du Martxanterak taldeak

Josu Bilbao Atxutegi 2018ko mai. 25a, 14:42

Atzo Gerraren Aurkako Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta Mugimendu Feministak, Euskadiko herri eta hiri guztietan kontzentrazioak egitera deialdia egin zuen. Bergaran, Domingo de Irala kalean, kontzentrazio bat egin zuten Bergarako Martxanterak taldeak.

Martxanterak taldearen komunikatua:

"Hemen gaude gaur, Domingo Martinez de Irala kalean bilduta eta hemen jaiotako pertsonaje hau, Abya Yalako herrien kolonizazioaren arduradunetariko bat izan zen, oraindik itxi barik dagoen historiaren atal triste baten protagonista.

Gerra hemen hasten da, Euskal Herrian! Eta zergatik diogun hau? Ba, Euskal Herriko metal industriaren diru sarreretariko bat gerra industriarako piezak egitetik datorrelako! Euskal Herriko 100 lantegi ingururen produkzio nagusia gerra industriarako da. Gure hala moduzko ezjakintasunean murgilduta, ez dugu konturatu nahi milaka langilek gerrarako piezak egiten dihardutela. Produkzioaren hiru laurdenak gerran dauden herrialdeetara esportatzeko dira: Arabia-Saudi, Turkia, Israel, Egipto...

Eta hauek jakin beharrekoak dira:

SENER; Enrique Sendagorta, Opus Deiko enpresariak sortutako fabrikazio militarrerako lantegia da. “Enpresa gizon” honek, Juan Carlos I Borboikoaren “Premio Reino de España a la Trayectoria Empresarial” saria jaso zuen. Zer iruditzen?

SAPA Plasencia, armagintzaren sektorean estatu mailako 6. konpainia da. Bere produktuen katalogoan konbaterako gurdiak eta blindatutako kanoiak daude,eta bere bezeroen artean estatu Batuetako Armada dago. Bere zuzendaritzan Jokin Aperribay dago; ezaguna egingo zaizue,ezta?

Munduko gatazka askotan burutzen diren erailketak gure diruarekin egiten dira; gure diruarekin finantzatu eta subentzionatzen dira-eta tresna militarrak egitera edo lantegi horietan lan egiteko esku-lan kualifikatua prestatzera dedikatzen direnak.

Eta hauek dira gerraren industriaren ondorioak: suntsitutako Herrialdeak, ehunka mila pertsona erailak, heriotzarengandik ihesi doazen milioika lagun.. Eta argitara atera beharra dago heriotzaren euskal enpresari eta merkatari hauen historia lotsagarria; gure Herrira aberastasuna ekarri duten negozioaren edo esplorazioaren gizon handi bezala hartuak izan direnak eta gaur ere hala kontsideratzen direnak.

Horregatik gaude gaur hemen: euskal armagintza industriaren errealitate lotsagarria salatzeko eta negozio makabro honen giza prestigioa zalantzan jartzeko! Euskal feminista bezala, ez dugu nahi, ez euro bakar bat, ez emakume bakar bat, ez pentsamendu bakar bat ere... gerrara zuzendua. Ez dadila beste euro bakar bat ere gastatu pertsonak hiltzeko diren armak egin edo armagintza- ikerkuntzarako!"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak