Aurreikusi moduan jende asko erakarri zuen Gabitu taldeak atzo gauean Bergaran egindako emanaldiak. Goraino bete zuten plaza eta adin aldetik askotariko publikoarekin, gainera. Ohikoa dutenez ikuskizunetik ere asko duen kontzertua egin zuten bizkaitarrek, eta beraiek ere gustura amaitu zuten emanaldia. "Latza Bergarako giroa! Eskerrik asko denoi, eta zoriontsu bukatu jaiak", zabaldu dute sare sozialen bitartez.
Behetik gora egin zuen nabarmen emanaldiak eta kantu ezagunenetara iristerakoan kantuan eta dantzan ipini zituzten ikusleak Gatibukoek. Publikoa bereganatzen joan zen taldea eta gehiagorako gogoz gelditu zen atzo jendea Bergaran. Aipatua izan da Gatibuk bis bakarra eskaini izana amaieran.
Protesta ekitaldia
Gatiburen kontzertua oso aurreratua zela, 23:15ak bueltan, txistualdia izan zen plazan. Baimenik gabe jarritako pankartak kentzeko Udal Gobernutik emandako aginduak hautsak harrotu ditu herrian, eta horren kontrako ekitaldia zegoen deituta sare sozialen bidez 23:15erako. Adierazpen askatasunaren alde. Zentsurarik ez! zioen pankarta igo zuen lagun talde batek publikotik agertoki parera. Txistuak entzun ziren eta pankarta erretiratzerakoan txaloak ere bai. Normaltasunez amaitu zuen kontzertua Gatibu taldeak.