Xaxau konpartsatik azaldu dute jaiak aurretik Udal Gobernutik ohartarazi zietela eragileei kalean pankartak, kartelak edo antzerakoak jartzeko aurrez komunikazio bat egon beharko zela eta oniritzia jaso beharko zutela, udal ordenantzak dioena jarraituz. Udal Gobernuko kideek adierazi ei zieten jartzeko lekua, euskarriaren nolakotasuna eta lema jakinarazi behar zituztela aurrez.
Xaxaukoek azaldu dute eragileek erabaki zutela halakorik ez onartzea, eta aldarrikapenak eurek erabakitako lekuan eta moduan jartzea; eta, ondorioz, denak kendu dituztela. Eurenez gain, Martxanterenak, ezker abertzalearenak edo Gure Esku Dagorenak zeuden kendu dituztenen artean.
Udal Gobernuko kideek eurek ere horrela adierazi diete goizean Xaxauko kideei konpartsako ordezkariekin izandako bileran, hori izan dela pankartak kentzeko arrazoia. Lander Arregik Goienari adierazi dio eurek ez dutela "gaizki ikusten" pankartak jartzea, baina "baimenduta". Ez duela ulertzen zergatik ez duten eragileek baimen hori eskatu: "Ostegunean bilera izan zuten Kulturako zinegotziarekin, hainbat eskaera egin zizkioten, eta pankartena planteatu ere ez. Ez dut ulertzen zergatik ez duten baimena eskatu, harreman estuan egon gara-eta eurekin. Nahi dutena egitea ez zaigu ondo iruditzen".
Txosnaguneko pankartak
Beste kontu bat da txosnaguneko pankartena. Kasu honetan, bai Xaxauk eta bai Udalak baieztatzen dute adostasun bat dutela hango pankartak ez kentzeko, iraingarriak edo erasokorrak ez badira. Eta bi aldeek diote jai hasiera honetan han zeuden pankartek ez zutela halako edukirik. Baina haiek ere kendu egin dituzte. Arregik dio haiek ez zirela kendu behar eta ez dakiela zergatik kendu dituzten, aztertuko dutela udal langileekin; azaldu du eurek ez zutela haiek kentzeko agindurik eman. Xaxautik, ordea, diote udaleko langileetako batek baieztatu diela txosnaguneko pankartak ere kentzeko agindua eman ziela zinegotzi batek.
Sorturen balorazioa
Sortutik adierazi dute "garbiketa ideologikoa" dela Udal Gobernua egiten ari dena. Horrez gain, diote ezin direla udal langileak horrela erabili Udalaren partetik: "20 urtetan ez da egon ez udaleko langileekin eta udaltzainekin ere arazo txikiena ere, eta haiek erabiltzea garbiketa ideologikoa egiteko lotsagarria da. EAJk herrian ikusten duen zikin bakarra pankarta aldarrikatzaileak dira, ez dago beste arazorik eurentzat".
Sortuk adierazi du sarri gertatu direla halakoak Bergaran: "Orain artekoak pasatzen utzi ditugu, baina gehiago ez ditugu utziko. Ez dugu gehiago horrelakorik onartuko". Udaleko langileek euren "babes eta begirune osoa" dutela ere badiote Sortutik.
Protesta Gatiburen kontzertuan
Zapatuan, Gatiburen kontzertua amaitze aldera zela, 23:15ak bueltan, txistualdia izan zen plazan. Baimenik gabe jarritako pankartak kentzeko Udal Gobernutik emandako aginduaren kontrako ekitaldia zegoen deituta sare sozialen bidez 23:15erako. Adierazpen askatasunaren alde. Zentsurarik ez! zioen pankarta igo zuen lagun talde batek publikotik agertoki parera. Txistuak entzun ziren eta pankarta erretiratzerakoan txaloak ere bai. Normaltasunez amaitu zuen kontzertua Gatibu taldeak.