Zaila da irudikatzea zezen festarik bako jairik. Animaliei ematen zaien tratuaren inguruan ahots kritikoak beti egon izan dira eta azkenaldian gehiagotan entzuten dira talde antiespezisten aldarrikapenak.
Hori horrela izanik ere, jende asko erakartzen dute Bergaran ere zezen-plazan antolaturiko festek: errekortadoreen txapelketa, bigantxak, eskola ibiltaria, kuadrillen arteko herri kirolak… "Gazteen artean oso estimatuak dira zezenak protagonista dituzten jaiak. Zezen-plaza bete egin ohi da, eta, jaien gainean herriko gazteei galdetuta, zezen festak daude gazteek gustuko dituztenen artean", dio Iñigo Almortzak, Bergarako Zezenak ganadutegiaren eta Bergarako Errekortadore Eskolaren sortzaileetakoa.
Hain justu ere, herriko ganadutegi horrek antolatuko ditu aurten ere zezen-plazako ekitaldiak. Jaietako ekitaldien artetik, bigarren aurrekontu handiena duena da, 18.000 eurorekin.
Domekan, txapelketa
Egubakoitzean izan ezik, egunero izango dira zezenak protagonista dituzten festak. Eta errekortadoreen erakustaldiak eta txapelketak toki nabarmena hartuko dute, zapatuan eta domekan. Gaztetxoen eta gazteen erakustaldia eta txapelketa –azken hori domekan– antolatuko dituzte. Horietan, hainbat debagoiendar ariko dira adarren aurrean iskin eta saltok egiten. Gaztetxoen mailan (8-15 urte artekoak) Beñat Piñeiro, Anartz Almortza, Beñat Garin eta Unai Aranguren, laurak bergararrak; eta 16 urtetik gorako gazteen artean, Jon Maiztegi eta Julen Murgiondo bergararrak eta Aitor Murgiondo arrasatearra.
Euskal Herrian erreferente, 10 urte bidean
Bergarako Errekortadore Eskola erreferente da. Herririk herri aritzen da. Laster 10 urte egingo ditu eta ordurako "zerbait berezia" antolatu nahi du, Bergaran egindako txapelketako "irabazleak batuz", dio Unai Arana Xurra-k. Lau lagun aritzen dira erakusten: Iker Agirre Txili eta Unai Arana Xurra bergararrak; Blas Cruz arrasatearra; eta Ibai Kortabarria soraluzetarra. Errekortadore onak hiru egoerak menderatu behar ditu: iskin egiten ondo moldatu behar du, eta baita saltoan eta errekortean ere; hau da, "gogoa eta irakasle onak eduki eta arina, abila eta ausarta izatea" garrantzitsuak dira, Aranaren iritziz.