Aurten 25 urte betetzen dira jaietan ipini eta kentzeko 2.000 lagun hartzeko moduko zezen-plaza lehen aldiz jarri zutela. 1993ko maiatzean izan zen. Lehengo beheko geltokiaren ondoan jarri zuten. Zezen-plaza jartzearekin batera, hainbat zezen festa antolatu ziren bertan, ordura arte San Martin plazan eta inguruko kaleetan egiten zen sokamuturraren ordez. Aipagarriena, txekorrekin egindako zezenketa, toreatzaile eta guzti. Entzierroa –Gasparrenetik zezen-plazaraino–, bigantxa bolaztatuak eta Kuadrillen Eguneko zaldi txikiekin eta basurde txikiekin egindako jolasak ere antolatu zituzten.
Orozkotik ekarri zuten zezen-plaza, Orozkoko Benigno Manzargoitiari alokatuta. Txekorketaz gaindiko gainerako zezen jaiak ere Manzargoitiak antolatu zituen.
Orduko 800.000 pezeta ordaindu zizkion Udalak Manzargoitiari zezen-plazagatik eta gainerako jaiengatik; txekorketa, berriz, Bergarako Zezen Zaleak taldeak hartu zuen bere gain. 1.500.000 pezetako kostua izan zuen. Zezenketako sarrerak 2.000 eta 1.500 pezetatan jarri zituzten salgai.
Hamalau urtez jarraian
Urte hartan udaletxeko lanak zirela-eta San Martin plazaren erdia itxita zegoen. Horregatik erabaki zuen Udalak zezen-plaza jartzea. Harrezkero, urtero-urtero jarri da zezen-plaza, nahiz eta tokiz aldatu den azkeneko urteotan: lehengo geltokia zegoen orubean etxeak egin zituzten, ingurua berrurbanizatuz, eta, ondorioz, Seminarioko patioan jartzen da azkeneko urteotan, nahiz eta edukiera txikiagokoa. Manzargoitiak berak jartzen du.
Zezenketak hamalau urtez antolatu ziren, 2006ra arte, toreatzaile hasiberriekin. 1993koan, Edu Garcia iruindarra eta Javier Chacon gasteiztarra izan ziren Cesar Moreno ganadutegi nafarraren txekorren aurrean jarri zirenak. 350 bat kiloko bost txekor akabatu zituzten. Jaietako domeka hartan, zezen-plaza goraino bete zen. Zezenketaren aurretik, kalejira egin zuten, Zezen Zaleak taldeak deituta, San Martin plazatik zezen plazaraino. 1993ko haren aurretik ere egin ziren txekorketak Bergaran. Azkenekoz, 1965ean. La Carlotan (Kordoba) jaio eta Bergarako San Antonion bizi zen El Carloteño izan zen orduko izarra.
1993ko txekorketaren une bat.
Zezenketak antolatzeko erabakiak polemika sortu zuen herrian Zezenenganako Errespetuaren Aldeko Batzordearen bitartez. Txekorketaren aurkako sinadura bilketa ere egin zuten. 700 bat sinadura batu zituzten. Talde horrek eskatzen zuen Udalak ez ematea txekorketak antolatzeko ezelako babesik. Izan ere, Bergarako Zezen Zaleak taldeak egitura juridikorik ez zeukanez, Udala agertzen zen txekorketaren antolatzaile. "Ekimen honekin, herriko zezenzale multzo bati jaiez gozatzeko beste aukera bat eman nahi diogu", adierazi zuten Zezen Zaleak taldekoek.
Kontrakoek txekorketagatik protesta egiteko kartelada egin zuten eta pintaketak agertu ziren zezen-plazan. Zezenenganako Errespetuaren Aldeko Batzordeak adierazi zuen Udala "bergarar guztiona" dela eta, horrenbestez, "herritarren sentsibilitate guztiak" kontuan izan beharko lituzkeela.
Zezenenganako Errespetuaren Aldeko Batzordeak 700 sinadura batu zituen txekorketaren aurka.