Bergarako Pentekoste jaietan izango diren ekintza guztien artean, festa eta parranda seguru egongo direla, eta, horiekin batera, askotan izaten da alkohol kontsumoa eta bestelako drogen erabilpena. Hala, kontsumitu behar dutenek egin behar duten kontsumoaren inguruko kontsultak egin ditzaten, eta informazioa zehatz eta pertsonalizatu horrekin kontsumo horiek izan ditzaketen arriskuetatik babesteko, maiatzaren 19an, zapatuan, 00:00etatik 03:00etara bitartean substantzien gaineko testa egingo dute Ai Laket! elkartekoek, Irala kalean.
Ai Laket! elkartearen gunea
Droga-analisiak egiteaz gain, informazioa jaso nahi duen edonorentzako ere baliagarria izango da jarriko duten gunea. Horrekin batera, alkohol proba egiteko aukera izango da, pertsonaren benetako maila etilikoa jakiteko eta kontsumo horren ondorioei buruz sentsibilizatzeko. Ai Laket! elkarteko Unai Perez de San Roman kideak adierazi duenez, gehien, droga legalak kontsumitzen dira: "Kafeina, tabakoa eta alkohola dira ohikoenak; bestalde, kalamua ere asko analizatzen dugu, eta, droga gogorragoetan zentratuz, speeda da Euskal Herrian gehien analizatzen duguna".
'Edan?, Hartu?, Hausnartu?!'
Jai ereduaren inguruko hausnarketa bultzatzeko helburuarekin, leloa eta bertsoa prestatu du Udalak. Leloa honako hau da: Edan?, Hartu?, Hausnartu?! Eta bertsoa, berriz, hauxe: Parranda egitean, dantzan zein hitzezko, izan ditzadan zenbait une umorezko, marra txuri, pilula, kalimotxo fresko…, Aukerako zaituztet, ez derrigorrezko!
Pentekoste jaietan ere, prebentzioa
Bergarako Udaleko Droga Mendekotasunen Prebentziorako Sailak hainbat neurri bultzatu nahi ditu, alkoholaren eta bestelako drogen kontsumoak dituen arriskuen prebentzio neurriak hartzeko. Sentsibilizazio modura, taberna eta merkatarien artean adikzioen legeak dioena gogorarazi dute, kartelak banatu dituzte komertzioetan jartzeko, gurasoen artean eskutitzak banatu dituzte… Eskuhartze modura, bestalde, adingabeen artean arriskuak gutxitzeko, Botiltzarra programa jarri dute abian, gazteekin kalean bertan landuko dute gaia, arriskuak gutxitzeko pautak emango dizkiete…