Zientzia eta bertsoa elkartuko ditu 'Jakinduriek mundue erreko dau' ikuskizunak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2018ko mai. 12a, 09:00

Bergarako Udalak beste eragile batzuekin elkarlanean Jakinduriek mundue erreko dau Bertsozientzia emanaldia antolatu du. Emanaldia doan izango da; hala ere, aurrez eskuratu beharko dira gonbidapenak, Seminarixoko txarteldegian. Andoni Egaña eta Miren Amuriza izango dira bertsolariak.

Lehenengo begiratuan, zientziak eta bertsolaritzak zerikusirik ez dutela esango dute askok. Bada, hain justu ere, bi diziplina horiek batuko dituzte datorren astean Seminarixoan. Jakinduriek mundue erreko dau bertso ikuskizuna eskainiko dute. Bertsolariak Andoni Egaña eta Miren Amuriza izango dira. Hizlariak, berriz, Ainara Sangroniz, Txoni Matxiain eta Gorka Azkune. Eta aurkezle lanetan, Anjel Alkain ibiliko da. Antolatzaileek azaldu dutenez, Bertsozientzia izenez ezagutzen den ekimenak "itxuraz elkarrengandik urrun dauden bi diziplina elkartu nahi ditu".

Adimen artifiziala

Hiru zientzialariek aurrez zehaztutako gai bati buruz berba egingo dute. EHUko zientziaren dibulgaziorako arduradun Uxune Martinezek dio ezin dituztela gaiak aurreratu, "bertsolariei pistarik ez emateko". Ainara Sangroniz kimikaria da, Txoni Matxiain kimikari kuantikoa eta Gorka Azkune informatikara, adimen artifizialean aditua. "Azkunek, adibidez, adimen artifizialaz jardungo du, robotek nolako gaitasuna duten eta gauzak zela ikasten duten azalduko du", gaineratu du. Behin zientzialarien hitzaldiaren ostean, Alkainek lanean jarriko ditu bertsolariak.

Ikusle "jakintsuena"

Ekitaldiak bestelako sorpresak ere izango ditu. Ikusleei zuzendutako joko bat egongo da eta publikoaren jakinduria neurtuko dute. "Jakintsuenak saria eroango du", aurreratu du Martinezek. Publiko guztiari zuzendutako ekitaldia dela nabarmendu dute antolatzaileek: "Zientzia modu arin eta entretenigarrian azaltzeko eskatu diegu hizlariei: argiak izan daitezela eta hitz teknikorik ez erabiltzeko ere esan diegu", dio Martinezek. Saio informala izango dela dio, umore puntuarekin.

Zientzia ere, plazan

Zientzia gizartetik urrun dagoen iritzia beti egon izan dela dio Martinezek. "Baina ez da horrela. Zientziak zerikusia du eguneroko gauzekin: mugikorra, osasuna, arrantza...". Horregatik, uste du jendeak zenbat eta ezagutza handiagoa izan, orduan eta samurrago hartuko dituela erabakiak, eta ez direla engainatuak izango. Saio horiekin, zientzia plazara atera nahi dute: "Plazan bertsolariak egon izan dira, ba zientzia bertsoarekin batera aterako dugu plazara", dio.

Gonbidapenak Seminarixoan eskuratu behar dira aurrez –leihatila ordubete lehenago zabalduko dute–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak