Domekan inauguratuko dute Ereindajan denda-topagune berria (19:00). Joan XXIII.a plazan egongo da aurrerantzean, Zapaterikua moduan ezaguna zen lekuan. Ekitaldirik ez da izango, "zerbait xumea" baizik. "Urtebetean asko izan gara modu baten edo bestean proiektuaren bueltan ibili garenak: logistika kontuak kudeatzen, lokala atontzen, komunikazio lanak egiten... Horiekin guztiekin, bazkideekin eta interesa duen ororekin ospatu nahi dugu proiektuaren fase berri baten hasiera. Zerbait xumea izango da: jan-edan pixka bat eta giro ona!", diote.
'0 kilometro' filosofia
Lau ezaugarri nagusi ditu Ereindajan proiektuak: bertakoa, bailarako ekoizleak eta "kalitatezko produktuak" direlako oinarria; osasuntsua, gehigarririk gabeko sasoian sasoiko produktuak direlako herritarren eskura jartzen direnak; justua, prezioak "justuak" direlako ekoizleendako eta "arrazoizkoak" kontsumitzaileendako; eta kooperatiboa, proiektuak elkarlana duelako oinarri.
Ereindajanen arabera, Euskal Herrian jaten dugunaren %4 besterik ez da hemen ekoiztutakoa: "Jaten ditugun produktuek milaka kilometro egiten dituzte gure platerera iristeko; bidean uzten dituzte petrolio tonak, eta produktuen kalitatea zalantzagarria izaten da kasu gehienetan".
0 kilometro filosofiaren bueltan kokatzen da Ereindajan, eta ezinbestekotzat jotzen du Euskal Herriko elikagaiak herritarren eskura jartzen dituzten proiektuen sorrera. Hori guztia, betiere, modu justu eta osasuntsuan: harreman justuak eraikiz eta agroekologia oinarri hartuz. Egoera horren aurrean, diotenez, Euskal Herrian "asko" dira bertan ekoiztu, bertan jan filosofia bultzatzen ari diren proiektuak, gorputzen eta lurren osasuna defendatzeko. Eskoletako jangelak bertako produktuekin hornitzeko mugimenduak, kontsumotaldeak, baserritarren kolektiboak eta Ereindajan bera moduko egitasmoak aipatu dituzte.
Eskaintza zabala eta neurrira
"Oinarrizko beharrak" asetzeko moduko gunea da Ereindajan, eta eskaintza zabalik ez da faltako denda-topagune berrian: barazki freskoak, fruta, gozoak, esnekiak, belarrak, haziak, askotariko kontserbak, zerealak, pastak, garbiketa-produktuak, edariak, arrautzak, olioa, haragia, lekaleak, irinak, zizka-mizkak, bidezko-merkataritzako produktuak... "Produktu gehienak neurrira eskuratzeko aukera dago, hau da, soltean. Sistema horrek aukera ematen du erosketa etxe bakoitzeko beharretara egokitzeko, eta baita zabor gutxiago sortzeko ere", gaineratu dute.
"Ezagutu lehen pertsonan"
Proiektuko arduradunek argi utzi gura izan dute gune irekia dela eta edonork eros dezakeela bertan: "Edonor etor dadila denda ezagutzera lehen pertsonan, besoak zabalik hartuko ditugu bergarar guztiak". Hori bai, bazkideak dira Ereindajanen zutabea.