Ereindajanek topagune berria irekiko du maiatzean Bergaran

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018ko mai. 4a, 10:36

Bertako elikagaien topagune berria irekiko dute Ereindajan proiektuak Bergaran. Bailarako lehenengo sektoreari ematen ari den bultzada biderkatu nahi dute, eta kontsumo arduratsua sustatzen jarraitu: "Proiektu kolektiboa da, eta gure interes bakarrak dira lehen sektorea biziberritzea eta herritarren zein lurren osasuna". Topagunea Joan XXII. plazan jarriko dute, Zapaterikua zenaren dendan. 110 bazkide dira dagoeneko eta astelehenean, hilak 7, saio irekia egingo dute Irizarren (19:00) proiektua azaltzeko.

Bost urteko ibilbidearen fruituak jasotzen ari da Ereindajan proiektua. Udan lekuz aldatuko dute Arrasateko denda-topagunea, eta berria irekiko dute Bergaran, maiatzean: "Proiektua sendotzen ari da; hala diote datuek. 2017an 70.000 euro bideratu zituen Debagoieneko baserritarrengana modu zuzenean, eta zifra hori biderkatu nahi dugu Bergarako denda-topagunearen irekierarekin".

"Ez da denda huts bat"

"Ereindajan ez da denda huts bat, proiektu kolektiboa da, eta bere interes bakarrak dira lehen sektorea biziberritzea eta herritarren eta lurren osasuna. Irabazi asmorik gabeko proiektua da, eta bertan biltzen dira 150 bazkide-familia; horietatik 30 bailarako ekoizleak dira, eta gainontzekoak kontsumitzaileak", adierazi dute. Hain zuzen ere, honako hau da egitasmoaren helburuetako bat: ekoizleek eta kontsumitzaileek elkar ezagutzea eta elkarlanean aritzea: "Horren erakusle da, esaterako, Ereindajaneko prezio politika: ekoizleentzat justua eta kontsumitzaileentzat arrazoizkoa. Ohiko saltoki handiek miseria bat ordaintzen die baserritarrei, eta Ereindajanek buelta eman dio sistema horri: prezioak ekoizleek adosten dituzte".

Hauek dira proiektuaren lau ezaugarri nagusiak:
 
    •    Bertakoa. Kontsumo eredua eraldatuz, tokiko garapena bultzatzen dugu. Bailarako ekoizleak eta kalitatezko produktuak dira gure oinarria.

    •    Osasuntsua. Agroekologia dugu ipar: gure gorputzak eta lurrak zaintzen ditugu. Herritarren eskura jartzen ditugu gehigarririk gabeko sasoian sasoiko produktuak.

    •    Justua. Prezioak justuak dira ekoizleentzat, eta arrazoizkoak kontsumitzaileentzat.

    •    Kooperatiboa. Proiektuak elkarlana du oinarri: erabiltzaileon artean pentsatu, eraiki eta erabakia da.


Elikadura burujabetza

Ereindajanen arabera, Euskal Herrian jaten dugunaren %4 besterik ez da hemen ekoiztutakoa: "Jaten ditugun produktuek milaka kilometro egiten dituzte gure platerera iristeko; bidean uzten dituzte petrolio tonak, eta produktuen kalitatea zalantzagarria izaten da kasu gehienetan".
 
Egoera horren aurrean, Euskal Herrian asko dira bertan ekoiztu, bertan jan filosofia bultzatzen ari diren proiektuak, gorputzen eta lurren osasuna defendatzeko. Eskoletako jangelak bertako produktuekin hornitzeko mugimenduak, kontsumo-taldeak, baserritarren kolektiboak eta Ereindajan moduko egitasmoak, esaterako: Oarsoaldeko eta Bilboko Labore, Azpeitiako Elikagunea, Gasteizko Bioalai, Iruñeko Landare, Bortzirietako Bidazi...


0 kilometro filosofiaren bueltan kokatzen da Ereindajan, eta ezinbestekotzat jotzen du Euskal Herriko elikagaiak herritarren eskura jartzen dituzten proiektuen sorrera. Hori guztia, beti ere, modu justu eta osasuntsuan: harreman justuak eraikiz eta agroekologia oinarri hartuz.

"Denetarik eta neurrira"

Herritarren oinarrizko beharrak asetzeko gunea da Ereindajan. Esan daiteke bertako produktuen supermerkatu bat dela, denetarik aurkitu daiteke-eta bertan: bailarako barazki freskoak, fruta, gozoak, esnekiak, belarrak, haziak, askotariko kontserbak, zerealak, pastak, garbiketa-produktuak, edariak, arrautzak, olioa, haragia, lekaleak, irinak, zizka-mizkak, bidezko-merkataritzako produktuak, etab.
 
Gainera, produktu gehienak neurrira eskuratzeko aukera eskaintzen dute, hau da, granelean. Sistema horrek aukera ematen du erosketa etxe bakoitzeko beharretara egokitzeko, eta baita zabor gutxiago sortzeko ere.

Bazkideak oinarri

Edozeinek egin ditzake erosketak Ereindajanen, baina bazkideak dira proiektuaren zutabe: bai ekoizleak, eta baita kontsumitzaileak ere. Bazkideen artean pentsatu, eraiki eta erabakitzen da egitasmoa, ikuskera kolektiboa baitu. Bazkideak dira proiektuaren sustengua eta, horregatik, eskubide eta abantaila batzuk dituzte: ahotsa, informazioa eta erabakia dute proiektuaren inguruan, %5eko beherapena erosketetan eta lehentasuna hainbat produktutan.
 
Arrasateko denda-topagunearen leku-aldaketarekin eta Bergarakoaren irekierarekin, nabarmen igo nahi dute bazkide kopurua. Debagoienean bertako produktuen eta nekazaritza iraunkorraren alde egingo duen mugimendu indartsua sortu nahi dute, eta bazkidetza-kanpainak jarriko dituzte martxan epe motzean.

Bergarako denda-topagunea, 'Zapaterikua'-n

Maiatzean irekiko ditu ateak Bergarako denda-topaguneak, Joan XXIII plazan kokatuta dagoen lokalean. Bergararrek Zapaterikua moduan ezagutuko dute. Auzolanean egokitu eta berritzen ari dira bazkideak.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak