2006an jarri zen martxan Berriketan Bergaran eta, ordutik, urtero 50dik gora lagunek parte hartzen dute. Izena eman ondoren, Jarduneko koordinatzaileak hiruzpalau pertsonako taldeak antolatzen ditu, jendearen ordu libreak kontuan hartuta. 2017-2018 ikasturtean, 54 lagun dabiltza taldeetan; 14 bidelagun –borondatez parte hartzen duten laguntzaileak– eta 40 bidelari –praktikatu nahi dutenak–.
Hausnarketa saio "emankorra"
Eta 2018ko apirilaren 23an, hausnarketa saio bat egiteko deia egin zuten antolatzaileek –Jardun, Bergarako Udala eta Udal Euskaltegia–. "23 lagun elkartu ginen Irizar jauregian eta oso aberatsa izan zen han konpartitutakoa. Besteak beste, hauek izan ziren aztergaiak: partaideen motibazioak, helburuak, kezkak. Euskalkiaren eta batuaren erabilera, berba egiteko denbora banatu behar den, akatsak zuzendu bai edo ez, euskaldun berriek euskaraz egiteko dituzten beldurrak, talde dinamikarako estrategiak eta ideia berriak, taldetik kanpo euskaraz gehiago egiteko ideiak: mintza-tratuak, Euskaraldia…".
Ideia hauek taldeka aztertu ondoren, denon artean konpartitu zituzten eta merienda txiki baten inguruan jarraitu zuten hausnarketarekin.