Virginia Imaz: "Clown' hasi nintzenean 'puta' ere deitu zidaten"

Monika Belastegi Aranzabal 2018ko api. 24a, 15:27

Duela 30 urte, bideari ekin zionean, emakume gutxi zebilen agertokian eta ibilbide hori aitortu gura izan diote irginia Imaz clown-ari. 2017ko Berdintasunerako Emakunde Saria jaso du gaur, martitzena. Puntua aldizkariak elkarrizketa egin zion izendapenaren berri izatean.

Berdintasunerako Emakunde Saria jasoko duzu. Pozik aitortzarekin?

Oso pozik. Aurtengo saria niri zegokidala esan zidatenean, ez nuen sinesten, ezin dezaket sentiturikoa hitzez azaldu. Esan dezakedana da hunkituta eta eskertuta nagoela, sekulako errekonozimendua dela niretzat, baikortasunez aurrera jarraitzeko xut bat. Finean, pozten nau 30 urteko ibilbidean egin dudana aintzat hartu izanak.
Bada, bilakatu nintzenean, ez nuen emakume pailazorik ezagutzen; egon bazeuden, baina ez nituen ezagutzen. Ez ginen asko. Beraz, uste nuen mundu honetan gizonezkoak bakarrik zebiltzala; hori zen ikastaroetan eta formazio saioetan ikusten nuena. Baina horrek ez zidan esperientzia dastatzea galarazi.

Eta clown ikuskizunak eskaintzeari ekin zenion...

Atzerrian ikasitakoa osatzeko eta nire buruaz barre egiteko sartu nintzen horretan, batez ere; antzerki tragikoaren bueltan nenbilen orduan. Eta, denborarekin, erabaki nuen tragediatik komediara jauzi egitea. Une hartan, dinamika ezberdinak sortu ziren clown munduan: zirkuan ez ezik, ospitaleetan jarduteko aukera ere bazen, esaterako. Mundu aberasgarria zen, duda barik. Gainera, urrats berritzailea izan omen zen emakume clown-arena: lehen ikuskizuna egin nuenean, kritikariek esan zidaten eskaintzen nuena saio feminista zela, irain moduan. Egia esan, ni ez nintzen horretaz jabetzen; eta emakume feministen bilera batera joan nintzen, jakiteko ea egiten nuena saio feminista zen. Aitortu beharra dut momentu hartan ez nekiela askorik gaiaren inguruan, oinarrizkoa bakarrik –estereotipoak, aurreiritziak...–. Orduan konturatu nintzen feminista nintzela. Eta zera galdegin nion nire buruari: nola egon daiteke feminista ez den norbait? Finean, humanismoa da feminismoa. Alegia, pertsona izaten saiatzeko ahaleginean murgildurik dihardugu norbanakook; batzuetan, baina, ez dugu lortzen.

Ez zenuen hasiera xamurra izan...

Hala da. Eta ez hori bakarrik... “puta” ere deitzen zidaten. Hasieran, ez nuen horren zergatia ulertzen. Ostean, kontzientzia feminista garatzen nindoanean, jabetu nintzen orduko eredurik aldendurik nenbilela, espazio publikoan, publikoarekin; zenbaitek ez zuen hori gustuko, ez nintzen gizartean nagusi zen eredu patriarkalaren ideietan sartzen. Besteak beste, zalantzan jartzen nituen aurreiritziak. Zalantzan, ereduaren oinarriak.

Emakumea eta pailazoa. Komuna da konbinazioa?

Gero eta komunagoa. Gaur egun, hasi nintzenean baino askoz emakume gehiagok dihardugu mundu horretan. Horrek ez du esan gura, dena den, guztiek kontzientzia feministarekin dihardugunik; zoritxarrez, gizonen papera hartua dute zenbaitek. Horien umorea epelagoa da niretzat, euren ikuspegiak zerbait faltan balu bezala. Gauzak horrela, gero eta emakume gehiagorekin egin dut topo ibilbidean; tartean, emakume asko ezagutu nituen Frantziako Bata clown konpainian. Polita da hori.

Eta lagungarri izan zitzaizun esperientzia hura?

Duda barik. Klik moduko bat egin nuen orduan. Konturatu nintzen jendeak barre egiten zuela nirekin, barre eginarazteko kapaz nintzela. Eta garai hartan eginiko zenbait formazio saio ere –Italian eta Belgikan buruturikoak, kasurako– oso lagungarri izan zitzaizkidan horren bidean: besteak beste, ikasi nuen jendeari ez zaizkiola bizitzako tragediak eta dramak gogorarazi behar agertoki gainean egindakoarekin; horiek ahazteko bitartekoak jarri behar zirela. Hori izan zen drama ikuskizunak alde batera lagatzeko erabakia hartzera bultzatu ninduen arrazoietako bat.

Hiru hamarkadako ibilbideak uzten du eboluziorako tarterik, ezta?

Noski. Batetik, esan dezaket nik neuk ere jasan dudala eboluziorik. Tartean, ederra izan zen ibilbidean kontzientzia feministarekin topo egitea. Askotan diot: kontzientzia iratzarri zitzaidalako hazi zait sudur gorria. Sarri, emakumeok uste dugu ez garela halako gauzak egiteko gai; jardun ahalaz bat konturatuko gara oker genbiltzala. Dena den, oraindik eboluzioak bide luzea du egiteke. Gaur-gaurkoz, esaterako, udalek berdintasunaren edo euskararen alorretik kontratatzen gaituzte sarri, kulturarenetik beharrean. Gainera, oraindik ere bada gurea emakumeentzat eginiko ikuskizuna dela uste duen ordezkaririk ere. Arazo kolektiboa da, emakume guztiok duguna. Horri aurre egin beharra diogu ezinbestean, eta indartsu gaude horretarako.

Bestetik, sudur gorria janztean Virginia Imaz desagertu egiten dela esan daiteke?

Sudurrarena maskara txiki bat besterik ez da. Baina sekulako askatasuna esperimenta daiteke horrekin, maskara kodigoarekin. Dena den, esan beharra dago Virginia Imaz eta clown-a ez daudela horren urruti elkarrengandik. Gorputz berean daude. Batzuetan, egunerokotasunean itzalean utzia dugun hori dakar pailazoak; beraz, maskara kodigoarena esperientzia interesgarria da gure burua ondo ezagutzeko. Laburbilduz, pertsonaia sortzen da, baina hor segitzen du Virginia Imazek. Bestetik, esan ohi da barnean daroagun haurrarekin konektatzen laguntzen duela clown-ak; hori bai, ez dakigu zein adin lukeen haur horrek, gaur arteko adin guztiak baititugu barrenean.Hori horrela, haurraren alor positiboan azalarazi ohi ditu clown-ak; besteak beste, bat-batekotasuna, jolasteko etengabeko nahia eta xalotasuna. Eta hori azalarazten ikasten dugu formazio saioetan. Esan dezakegu desikasten ikasten dugula.

Eta zeuk ere egiten diozu ekarpenik clown-en formazioari. Horren gaineko mintegiak eskaintzen dituzu.

Hala da. Norberaren buruari buruzko ikerketan laguntzen saiatzen naiz. Harrera ona izan ohi dute halako saioek; agertokian ez diharduen jende asko dago tartean. Finean, gure buruaz barre egiteko bitartekoak eskaintzea dagokigu; beraz, esan dezakegu terapia moduko bat litzatekeela. Horrez gain, komunikaziorako estrategiak ere lantzen ditugu, askotariko alorretan diharduen jendeari baliagarri izan dakiokeenak; hori horrela, besteak beste, hezkuntzan eta medikuntzan diharduen jendeak parte hartzen du halako mintegietan.

Beraz, clown jarduna ez da agertokira mugatzen.

Inolaz ere ez. Munduaren inguruan dudan ikuspegia aldatzea eragin dit. Orain, beste era batera begiratzen diot ingurukoari. Bestetik, argitu beharra dago clown-ok ere baditugula gatazkak, eta tragediak ere eragina duela gugan. Hori bai, esan daiteke umoreak bestelako bitartekoak eskaintzen dizkigula halakoei aurre egiteko.

Umorearen bidez errazagoa omen da ideiak hedatzea...

Esan beharra dago clown kodea ondo erabiltzen bada, jokoa baino beherago legokeela ideologia. Beste era batera esanda: lehentasunari gagozkiolarik, jokoa legoke lehendabizi; ostean, ideologia. Hori bai, ezin uka ikuskizunak aurrera egiten duen heinean aldarrikapenera iristen joaten garela sarri. Baina, behartu barik, bere kasa dator hori. Bestela, panfletismoan eroriko ginateke, eta hori ez zaigu komeni; kaltegarria litzateke ikuskizunarendako. Finean, esan dezakegu atzeko atetik doala umorea, eta hori lagungarri dela jendearen emozioetan eragiteko. Azken finean, jendearen ispilu gara clown-ok: ni euren lekuan jartzen naiz, eta eurak nirean. Elkarren arteko elkarrizketa sortzen da. Gure jardunak asko du pedagogiatik.

Zein polita den jendeari barrea eragitea...

Ederra da hori, duda barik.  Asko gustatzen zait jendearen barrea entzutea, eta asebide da guretzat. Clown izateak duen gauza ederrenetakoa dela esan dezakegu. Ikuskizunaz gozatu duen hori beste gorputz batekin irteten da aretotik; gutxienez, momentu batez bere bizitzako dramak ahazten lagundu diogu –izatekotan, betiere–.

Batzuen esanetan, ordea, ezin daiteke guztia umorearen alorrera eraman...

Hala diote batzuek. Nire ustez, edozein gairekin egin daiteke umorea; nola egiten den da kontua, besterik ez. Niri, esaterako, pertsonen trafikoaren inguruan jardutea egokitu izan zait. Oso errealitate gogorrak dira horiek. Beraz, tentuz jardun behar dugu kasu horietan; ezin dugu hozkeriaz jardun. Besteak beste, neure buruaz barre egiten has naiteke, gai hori presente izanda, baina, betiere, errespetuz. Ezin dut, inolaz ere, egoera pairatzen duten horiez barre egin. Bestetik, badirudi erlijio kontuak ezin ditzakegula umorez jorratu. Guk egiten dugu, ordea. Baina, esandakoa: beti errespetuz, inozentziaz.

Clown-aren bizitza ez da erraza izango, besteak beste, alde batetik bestera bidaiatzea eskatzen duelako. Nola uztartzen duzu hobby eta ogibide duzun hori eguneroko bizitzarekin?

Egia esan, orain, nahiko erraza da horiek uztartzea; lehen, ez hainbeste. 17 urteko semea dut, eta, beraz, txikia zenean, nekezagoa zen amatasuna eta ogibidea uztartzea. Kontuan izan behar dugu alde batetik bestera diharduela clown-ak, etengabe bidaiatzen. Bada, semea oso txikia zenean, gurekin eramaten genuen –nire senarra ere clown-a da–, eta umezain bat kontratatzen genuen iristen ginen lekuan, emanaldiak iraun bitartean haurra zaintzeko. Dena den, adinez aurrera egin ahala, eskolan hasi zen, eta orduan ez genuen halako askatasunik. Hori bai, kontuan hartzeko moduko eskaintzak jasotzen genituenean –Argentinara joatekoa, esaterako–, hirurok bidaiatzen genuen, elkarrekin. Antzuolako eskolak erraztasunak eskaini zigun horretarako, uste baitzuen halakoak aberasgarri ziratekeela semearen heziketarako. Oro har, senideak eraman ezin genituen bidaiak eskaintzen bazizkiguten, ezezkoa ematen genuen. Gaur egun, clown dihardu semeak ere. Polita da hori.

Beraz, bide beretik jarraitzeko asmoarekin?

Noski. Clown izatea ez da ogibide bakarrik, bizitzeko eredu bat ere bada. Egia da egun zailtasun gehiago ditugula ibilbidean aurrera egiteko, krisi ekonomikoa tarteko, besteak beste. Udalek diru gutxiago gastatzen dute kultur emanaldietan, eta nabari dugu hori. Finean, gure bizitza beti izan da prekarioa; eta prekario izaten segitzen du. Baina asegarria da, era berean. Gainera, ibilbidean jasotzen diren aitortzek aurrera egiten laguntzen dute, duda barik; horren bidean doa Emakunderen errekonozimendua. Beste era batera esanda: halakoen bitartez ikusten dut bide onetik noala. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak